Egunero gertatzen da. Hemendik ez oso urrun: Melilla eta Maroko arteko mugan, hain zuzen. Egunero-egunero, dozenaka emakume marokoar mugan pilatzen dira merkantzia bila. 80 kg arterainoko karga bizkar gainean hartu, eta azkar-azkar itzultzen dira Marokora. Hiru aldiz egunean, gutxienez. 5 €ren truke, bidai bakoitza. Eta horrela, egunero, egunero.
Zenbat eta bidai gehiago, orduan eta diru gehiago. Lan tresneria bezala, haien gorputza, bizkarraldea besterik ez. 45 graduko angeluan jarrita, denak. Merkantziari eusteko plastikoa edota soka gorputzera estu-estu jarrita. Besterik ez. Berdin du euria, hotza, haizea, beroa… egiten duen ala ez. Egunerokoa da, goiz-goizetik hasita.
Porteatzaileak dira. Emakume porteatzaileak. Alfabetatu gabeak asko, adinekoak, dibortziatuak, senarrak abandonatuak, eta ama bakarrak. Horien artean, lizentziatu gutxi batzuk badaude ere. Izan ere, 2008. urtean, arabiar literaturan lizentziaturiko emakume bat hil egin zen, mugan porteatzaileen pilaketak itota.
Bitartean, mugaz bi aldeetarako gobernuek, egoera infrahumano honen jabe izanagatik, ezikusiarena egiten dute, egoera denigrante hau baimenduz eta betirakotuz. Haien pasibotasunarekin baimentzen dute emakume hauen esplotazio eta tratu infrahumanoak indarrean jarraitzea. Izan ere, emakume hauek askotan izaten dira mugetako poliziek jipoituak, sexualki abusatuak, gaizki tratatuak… Klimaren gordinkeria pairatu behar izaten dute, hotza zein bero jasanezinak, eurite mardulak… Gobernuek porteatzaileak diren emakume hauen jarduerarekin jasotzen duten etekina, haien bizitzaren gainetik, aurretik, dago, nonbait.
Oroitarazi behar da, bai Espainia nola Marokok, lanaren inguruko ikuskaritzarako hitzarmena sinatua dutela, zeinaren arabera, lan baldintza eta osasun segurtasun neurriak hobetzeko konpromisoa hartua duten.
Guzti hau gutxi ez, eta “mujeres mula” deitzen zaie. Emakumeak gizaki?