Senior mailako emakumeen futbol taldea sortu nahi du Altsasuk

Guaixe 2016ko eka. 21a, 15:14

Interesatuek Sociedad Deportiva Altsasura jo behar dute

Lan handia eginez eta ederki kostata sortu zen, aurreko urtean, emakumeen futbol taldea Altsasun. Emakumezkoen Futbol 8 mailan lehiatu da emakumezkoen Altsasu eta primerako lana egin du. Lehen fasean lehen multzoan lehiatu zen Altsasu eta bigarrena sailkatu zen, Gazte Berriak liderrarekin puntutara berdinduta (27 puntu). Gero bigarren fasean aritu zen Altsasu eta sailkapenean bosgarrena sailkatu da (8 puntu). Kirol Sportek irabazi zuen liga (28 puntu).
Maiatzaren bukaeran Dulantzin futbol torneoa jokatu zuten eta txapeldunordeak izan ziren, finalean Revellin taldearen kontra 1 eta 2 galdu eta gero. Altsasu Futbol Taldeko jokalariak ondokoak dira: Jone Apaolaza, Saioa Sayas, Nerea Arellano, Udane Vergara, Ainhoa Agirre, Amets Oteiza, Aroa Cerezo, Silvia Amores, Maider Granizo, Irati Igoa, Naroa Barriola eta Eider Vicente, eta Gorka Pascua eta Adrian Claverren aginduetara entrenatzen dira.

Emakumezkoen hiru talde
Baina orain aurrerapausu bat eman nahi du Sociedad Deportiva Alsasuak eta beste bi talde sortu nahi ditu: senior mailan lehiatuko den emakumezkoen talde bat eta txikien mailako emakumezkoen taldea. Horrela, 2016-2017 denboraldian emakumezkoen hiru talde nahiko lituzke Altsasuk: orain artekoa, Futbol 8 mailakoa, kimuen eta haurren maila, senior mailako taldea eta eskolako taldea, txikiena. “Emakumezkoen futbolean historia egiten ari gara. Datorren denboraldirako futbola gustuko duten neska gehiago behar ditugu, 2009an edo lehenago jaiotakoak, hiru talde sortzeko: erregionala Futbol 11, haur-kimuen Futbol 8 maila eta eskola, kategoria txikia. Sakanako neska bazara eta futbola gustatzen bazaizu, ez pentsatu bitan eta animatu!” adierazi dute Sociedad Deportiva Alsasuako ordezkariek.

Izena emateko
Sociedad Deportiva Alsasuara jo edo 619 860 336 telefonora deitu (Gorka).