Kintana, Fernandez, Iriarte eta Jaka, bekatuta

Guaixe 2016ko eka. 23a, 09:04

Jose Luis Irirarte.

Indurain Fundazioko beka jaso dute 110 kirolari nafarrek, tartean aipatu lau sakandarrek

Miguel Indurain Fundazioak urteko bekak banatu zituen aurreko ostegunean Gorraizeko Gaztelu-Jauregian egindako ekitaldian. Miguel Indurain Fundazioko bazkide sortzaileak Nafarroako Gobernua, Nafarroako Industria eta Komertzio Ganbara eta Espainiako Komite Olinpikoa dira, eta Nafarroako errendimendu altuko kirolariak laguntzea da bere funtzio nagusia. Kirolariek 2015ean lortutako emaitzak kontuan hartuta erabaki dira aurtengo onuradunak eta aurten 173.705 euroko diru-laguntzak banatu ditu aipatu fundazioak, 110 kirolariren artean.

Tartean lau kirolari sakandar daude. Banakako kirol olinpikoen atalean June Kintana disko jaurtitzaile bakaikoarrak 4.200 euroko laguntza jaso du, 2015ean Espainiako Txapelketan bigarrena sailkatu eta gero. Kirol ez olinpikoen atalean Joseba Fernandez irristalari irurtzundarrari 2.100 euroko laguntza eman diote, 2015ean, besteak beste, Irristaketa Mundialetan hirugarrena sailkatzeagatik. Hiriberriko Jose Luis Iriarte arku jaurtitzaileak 525 euroko laguntza jaso du Tiro Jaurtiketa Mundialean laugarrena sailkatzeagatik. Eta, bukatzeko, kirol egokituen atalean Rosa Jakak 125 euroko laguntza jaso du.