Apirilean arkitektura munduak berri deitoragarria jaso zuen eta oraindik dolu dirau. Zaha Hadid (Bagdad, 1950), arkitekto anglo-irakiar entzutetsua bihotzeko baten ondorioz Miamin hil zen, 65 urterekin.
Eraikitzen hasi baino lehenago ere historia egin zuen arkitekturaren erregina izan zen. Nazioartean bere marrazki neokonstruktibistengatik ospetsua zen Rolf Fehlbaum-ek, Vitra altzarietako Alemaniako enpresaren jabeak, 1994.urtean bere lehen eraikina altxatzeko aukera eman zionean: fabrikarako suhiltzaile geltokia.
Hamarkada bat geroago Pritzker saria (2004) lortu zuen eta harekin lanbideak ezagutu duen ibilaldi emankorrenetako bati hasiera eman zion, are gehiago emakume baten esku izanagatik. Oztopo lasterketa hirukoitza. Eraikin enblematikoak eraiki nahia, bere adopzio aberrian, Erresuma Batuan, eta emakumea izanez. Ez zen erraza izan.
Hadidek nazioartean lehiaketak irabazi zituen, Galesen Cardiffeko Opera esaterako, azkenik Norman Foster arkitekto gizonezkoak eraikiko zuena. Eusten jakin izan zuen.
2003an Cincinnatin (Ohio) Arte Zentroa inauguratu zuenean, bere lehen proiektu iparramerikarra, arkitektura munduak lupaz ikusi ahal izan zuen arkitekto hauslearen planoen transformazioa nola izan zen, paperetik hiru dimentsiotara. Airoso irten zen iritzietatik eta bere buruari gehiago eskatu beharra ziola ulertu eta gehiago arriskatzea erabaki zuen. “Arkitekturaren mugak apurtzen saiatuz” eraikinak paisaia bihurtzeaz eta eraikuntzen muga fisikoak birpentsatzeaz hitz egiten zuen.
Zaha Hadidek emandako elkarrizketetan hiru kontu era errepikarian agertzen ziren. Batetik, bere kide arkitektoen laguntza ezaz hitz egiten zuen, Cardiffeko Operakoa bezalako bidegabekerien aurrean. “Ez naiz inoiz izango haiek bezalakoa” zioen. “Ez dut nabigatzen, musulmana naiz eta emakumea naiz”. Bigarren gaia Bilboko Guggenheima zen. Hadid Gehryren eraikinaren ausardiari oso eskertuta zegoen. Guggenheim inauguratu zenean berak proiektu hausleak sinatuz hamarkadak zeramala eztabaidatzen ziotenean, arrazoia ematen zuen. Eta azalpena ere: “Guggenheimek atea ireki zuen. Gizon batek ireki behar zuen. Ez ninduten ni utziko. Horregatik esker oneko nago. Proiektu horri esker eraiki ahal izan dut”.
Hirugarren kontua bere ideia eta nortasunaren defentsa zen. Ez zen hura errepikatzeaz nekatzen: “arkitekturaren mugak apurtzea funtsezkoa zen, beti eta beti”. Muga fisiko, formalez ziharduen, eta hain zuzen ere berak lortu zuela aitortu ere egin zuen. Beste kontu bat ere utzi zuen kitatuta. Mundu arabiarrean bere ibilbideak emakume askok arkitektura ikasi nahi zezatela eragin zuen. Ez du nabigatuko agian, hainbeste arkitekto bezala, baina argi dago urteak direla jada arkitekturan historia izatera pasa zela