Nafarroako Hondakin Planaren parte-hartze prozesua

Erabiltzailearen aurpegia 3 Mugak Batera 2016ko eka. 24a, 08:02

Nafarroako hondakin plan berria egiteko parte-hartze prozesua itzulera deritzan fasean aurkitzen da. Futbolarekin konparatuz, esango genuke “lehen itzulia” zirriborro baten aurkezpena izan zela, hondakinak kudeatzeko aukera desberdinen indarguneak eta ahuleziak aztertzeko. Hau mankomunitate eta udalerri desberdinak biltzen dituzten eskualdeka burutu zen.

3MBk bi jardunalditan parte hartu zuen, bata ekarpenak egiteko eta bestea itzulerakoan, biak ere Irurtzunen burututakoak. Nahiz eta ustez behintzat Nafarroan errausketa baztertua izan, harriduraz ikusi genuen nola lehen bileran errefusa erraustea den aurreikusten den aukeretako bat. Koerrausketa gisa aurkeztu zitzaigun errauskailua ez den beste instalazio batzuetako labeetan eta beste ekoizpen prozesu batzuk aprobetxatuz hondakinak erraustea.

Hau da, argi eta garbi esanda, FCC hondakinen multinazionalak zementua ekoizteko Olaztin dagoeneko badituen instalazioetan erraustea hondakinak.

3MB zementu-fabriketan erraustearen kontra dagoen plataforma izanik, argi utzi nahi dugu errausketa ontzat hartzen duen hondakin plana ezin dela hondakin plan ona izan. Gainerako mankomunitateek, erakundeek, instituzioek eta parte hartu zuten pertsonek ere iritzi bera adierazi eta aukera hori baztertzeko eskatu zuten.

Baina gure harridura ez zen hor amaitu. Jardunaldi hauetako dinamizatzaileek koerrausketa eskualde guztietan arbuiatua izan dela adierazi eta gero, aukera hau bazter daitekeen jakiteko txosten bat egin beharko dela esan ziguten, eta txostenak ezezkoa badio, hondakinak ezinbestean erre egin beharko direla.

3MBren ustez hau ez da batere serioa. Ezin da hondakinak ez erraustearen aukera plazaratu eta honek parte-hartze prozesuaren eztabaidan babes zabala jaso ondoren, berraztertu behar dela esan, errausketaren aldeko lobbyek ezartzen duten hierarkia aitzakiatzat hartuz.

Ez dago demokrazia errespetatu behar ez dela dioen araurik. Eta are gutxiago gizakion osasunaren eta biziaren gainetik pasa daitekeela esan dezakeenik.

http://olaztinerrausketarikez.blogspot.com.es/