Arearekin gazteluaren hirugarren dorrea eraikitzen ari zen, larru gorritan, plastikozko pala eta rastriloa eskuan zituela. Olatuak ondo ezagutzen zituen. Bazekien batzuk urrutitik txikiak ziruditen arren, uste baino gehiago luzatu zitezkeela itsasertzean, eta horregatik, uraren hatzaparretatik babestu nahiean, zulo bat egin zuen bere gazteluaren inguruan.
Gurasoak non zeuden ere bazekien. Loredun itzalkinaren eta dutxara joateko bidearen artean. Ea, ea… bai, hantxe zeuden. Aitona egunkaria irakurtzen bere aulkitxoan, ama eguzkia hartzen, aita eta Olaia kartaka, eta amona bere iloba kuttunari begiak gainetik kendu ezinda, bost minuturo lehen aldia balitz bezala agurtzen. Peruk bere arreba Olaia berarekin arean jolasean ibiltzea nahiko luke, baina Olaiak argi eta garbi esan zion ez zuela ume kontuetan aritu nahi. Hala ere, mutil argia zen Peru, behatzailea, eta bazekien zerk eragin zuen bere arrebaren jarreran tamainako aldaketa aurreko udatik honetara: hutsik zeraman titi-zorroa. Peruk ez zuen inongo zalantzarik, bainujantziaren goiko zati hura zen errudun bakarra, eta ez zion inondik inora uda izorratzen utziko. Pentsatua zuen bezala, gaua heltzean, arrebaren titi-zorroa aparta-hoteleko bizilagunen terrazara botako zuen, bai horixe.
Bere gaueko plana zorrozten ari zen, urrutian itsasontzi bat zeruertzetik erortzeko zorian ikusi zuen arte. Oihuka hasi zen, ikarak jota. Olaiak urrutitik erantzun zion: “mozolo, mundua borobila da, ez da eroriko!!”. Baina mutil argia zen Peru, eta bazekien denek ez zutela mundu borobil batean bizitzeko eskubidea; egunkarietan ikusi bezala, batzuen txalupak zeru-mugan betirako desagertzen ziren, eta beraz, Olaia titi-zorrodunaren teoria faltsua zen guztiz.