668 sakandarrek eman zuten odola joan den urtean

Guaixe 2016ko eka. 26a, 12:50

Odol-emaile bat autohemotekan odola ematen.

Nafarroako Odol-emaileen Elkarteak, Adonak, jakinarazi digunez, Sakanan 1.145 kide zituen elkarteak joan den urtean. Haietatik 668 izan ziren 2015an odola eman zutenak. Nafarroan, guztira, 20.000 bat izan ziren Adonak jakinarazi zuenez. Gainera, odola ematera nafar gehiago animatu ziren joan zen urtean, 1.575 hain zuzen ere. Emaile berri horietatik 62 sakandarrak ziren.

Odol-emaile egin nahi duenak bi aukera ditu. Lehena, elkarteko autobusa, autohemoteka, bere herrira iristen denean hara hurbiltzea. Heldu den asteazkenean Etxarri Aranatzen izanen da eta ostegunean Olatzagutian, 17:30etik 20:30era. Bestea, elkarteak Iruñeko ospitale gunean dagoen Odol Bankutik pasatzea da (astelehenetik ostegunera, 8:00etatik 20:00etara eta ostiralero 8:00etatik 14:30era). Informazio gehiago nahi duenak www.adona.es web orrian du.

%5,63
Ibarreko populazioaren kopuru hori da Adonako kide.