UEMAk gobernuaren jarrera eskertu eta hizkuntza politika ausartak eskatu ditu

Guaixe 2016ko eka. 24a, 08:58

Nafarroako UEMAko kideen erdian Eneka Maiz Ulaiar, Etxarri Aranazko alkatea.

Arbizuko eta Etxarri Aranazko Udalak kide dituen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) agerraldia egin zuen herenegun. UEMAren izenean Eneka Maiz Ulaiar Etxarriko alkateak hartu zuen hitza: “argi utzi nahi dugu udalerri euskaldunekiko hizkuntza politikak aldaketa izan duela Nafarroako Gobernu berriarekin. Lehen urtean, UEMAren eta Nafarroako Gobernuaren artean zubiak eraiki eta lankidetzarako ildoak zehaztu ditugu. Aspaldian luzatuta genuen eskuari heldu dio gobernu honek, eta udalerri euskaldunetako ordezkari publikoak garen heinean, zintzoki eskertzen dugu zabaldu den bidea”.

UEMAko ordezkariak gaineratu zuenez, “oraindik, ordea, erabaki ausartak eta aurrerakoiak behar ditu Nafarroako hizkuntza politikak.” Egiteko asko dagoela esan eta hiru arlo nabarmendu zituen.  
Lehena Nafarroako Liburutegi Publikoko Sareko eremu euskalduneko liburuzain lanpostuetan euskara jakitea nahitaezkoa izateko eskaera da. Gaur egun euskararen ezagutza meritua da, baina Euskararen Legea betetzeko lanpostu horietan hizkuntza eskakizuna zehaztea eskatu du UEMAk, herri euskaldunetan elebidunak ez diren liburuzainak jarri izan dituztelako. Liburutegi horien artean daude Irurtzun, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutia. Etxarri Aranatz eta Olatzagutiko liburuzain lanpostuak hutsik daude, inork ez du plaza.

Udalerri euskaldunetan herritarren %70etik gora euskaldunak diren bitartean haien osasun etxeetako  hizkuntza eskakizunak %27 besterik ez dira. Nafarroako Gobernuak eginen duen lan eskaintza publikoan eremu euskalduneko 12 lanposturako euskara eskakizuna gehitu du. UEMAko kideen ustez, “oso aurrerapauso txikia da.” Osasunbidean euskara normalizatzeko UEMAk gobernuari hiru Foru Dekretu aldatzeko eskatu dio. Azkenik, Nafarroako Gobernuari Udal Lege berri bat eskatu dio UEMAk, zeinak “ arnasguneetan hizkuntza politika ausarta egiteko lege babesa” emanen duen. Udalerri euskaldunetan hizkuntza irizpideak zehazteko aukera emanen lieke horrek.

Harremanetan  
Maizek azaldu duenez, legegintzaldiko aurreneko urte honetan UEMA Euskarabidearekin “zubiak modu natural eta egokian osatuz” joan dira. Lehen bilera otsailean izan zuten eta ordutik elkarlanean ari dira. UEMAk hiru ildo aurreikusten zituen: administrazioa euskalduntzeko bitartekoak eta hizkuntza politikak aztertzea; udalerri euskaldunen zaintzari arreta berezia eskaintzea, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa eginez behar den kasuetan, eta euskarari eusteko neurriak aztertuz eta, azkenik, herritarrak ahalduntzeko zein kontzientziatzeko ekimenak kontuan hartzea, besteak beste; euskararen arnasguneei buruzko tailerrak jendarteratu eta, batez ere, UEMAren hezkuntza proiektua kontuan hartu, udalerri euskaldunetako ikasleak eta irakasleak kontzientziatzeko.

Harremanen ondorioz, Hezkuntza Departamentuak interesa agertu zuen arnasguneei buruzko tailerrak bertatik bideratzeko, eta UEMAren hezkuntza proiektua ezagututa, azken hilabeteotan heldu den ikasturterako ekimenak lotzen aritu gara bi aldeen artean. Bestetik, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan laguntzea aurreikusi da. EAEko Udal Lege berriak badu. Hirigintza egitasmoek hizkuntzan izan dezaketen eragina aztertzen da tresna horrekin, eta ondorioen arabera, neurri zuzentzaileak ere proposatzen dira. Euskara sustatzeko politikak bulkatzeko diru-laguntza deialdia bikoiztu egin du gobernuak, 300.000 eurora iritsiz.