Sei hilabeteren ondoren, hauteskunde orokorrak berriro

Guaixe 2016ko eka. 24a, 10:50

Joan den urteko abenduaren 20ko hauteskunde orokorren ondoren, alderdi politikoak ez dira ados jarri eta ez da gobernu berririk sortu. Horrek hauteskunde deialdi berri baten bezperan egotera ekarri gaitu. Igandean 15.600 bat sakandarrek botoa emateko eskubidea izanen dute. Bi asteko kanpainaren ondoren, hautestontziak 9:00etatik 20:00etara egonen dira zabalik, norberak erroldatuta dagoen tokian botoa eman dezan. Abenduan horrela bozkatu genuen sakandarrok: EH Bildu 2.816 boto (%26,25); Ahal Duguk 2.227 (%20,76); Geroa Bai 1.994 (%18,59); UPN-PP 1.673 (%15,59); PSN 1.077 (%10,04); Ciudadanos 338 (%3,15) eta Orain Batera (IU eta Batzarre) 234 (%2,18).

Emaitzak: www.guaixe.eus
Igande gauean www.guaixe.eus web orrian Sakanako emaitzen berri emanen du. Bide batez, hauteskunde kanpainan alderdi eta koalizioei eskaintza egin diegu: web orrian on-line elkarrizketa, web orrian argitaratzeko idatzia eta astekarian hauteskunde agendaren berri ematea. Elkarrizketen aukera Geroa Baik (Anika Lujan), EH Bilduk (Irati Jimenez) eta Elkarrekin Ahal Duguk (Eduardo Santos) baliatu dute. Azken horrek gaur 11:30ean erantzunen ditu irakurleen galderak. Idatziena PPk eta EH Bilduk. Horiek guztiak www.guaixe.eus-en irakurgai daude.