Hauteskunde orokorrak 2016

Lehen indarra bihurtu da Elkarrekin Ahal Dugu

Gainontzeko alderdiek antzeko emaitzak lortzen dituzten bitartean Geroa Baik hamarretik lau babes galdu ditu.

Igandean 15.545 sakandarrek zuten botoa emateko eskubidea, abenduan baino 56 gutxiagok. Parte hartzea orain dela urte erdikoarekin alderatuz gero 4,1 puntu jaitsi da, %65,31 izanik. 108 boto ez beste (%,1,06), gainontzeko guztiak baliagarriak izan dira (%,98,93). Eta azken horietatik txuriak 99 besterik ez dira izan (%0,97).

Sakandarren artean babes gehien izan duen aukeran aldaketa izan da: Elkarrekin Ahal Duguk lehen postua kendu dio EH Bilduri. Moreak indarrez sartu ziren abenduan eta sendotasuna berretsi dute 2.941 boto eskuratuz (%29,28), abenduan Ahal Duguk eta Orain Baterak elkarrekin lortu zituztenak baino 342 boto gehiago, %13,15eko hazkundea. EH Bilduk sakandarren 2.718 babes jaso ditu (%27,06), orain dela urte erdi baino 98 gutxiago (% 3,48). Abenduan izan zuen boto ihes handia (1.310) gelditzea lortu du eta boto portzentajean 0,81 puntu irabazi ditu.

Ibarreko 4. aukera izatetik 3. izatera pasa da UPN-PP. Koalizioak 1.698 boto eskuratu ditu (%16,9). Aurreko hiru deialdietan botoak galdu ondoren erregionalisten eta popularren zerrendak gora egin du eta abenduan baino 25 gehiago eskuratu ditu (%1,49 hazkundea). Geroa Bai sakandarren 4. aukera bilakatu da. Koalizioak abenduan 106 gora egin bazuen, oraingoan jaitsiera handia izan du,  856 boto (% 42,92 jaitsiera) eta 7,26 puntu jaitsiz, 1.138rekin geldituz (%11,33).

Sakanako bosgarren aukera da PSN 1.051 botorekin (% 10,46). Sozialistek azken bi deialdietako beheko joerari segituz 26 boto galdu dituzte (% 2,41), baina 0,42 puntu hobetu dute portzentajea. Ciudadanos alderdia izan da ibarreko 6. aukera 268 botorekin (% 2,67). Alderdi laranjak urte erdian 70 boto (%20,71) eta 0,48 puntu galdu ditu Sakanan.

 

 

Alderaketak
Nafarroan politika aldaketa ahalbideratu zuten indarrek (Elkarrekin Ahal Dugu, EH Bildu eta Geroa Bai) 6.797 boto eskuratu dituzte (%67,66), abenduan baino 474 boto gutxiago (%6,51eko jaitsiera). Abertzale (EH Bildu eta Geroa Bai) aukeratzen duten sakandarren kopuruak behera egin du hirugarrenez. 3.856 (%38,38) izan dira hala bozkatu dutenak, 954 gutxiago (%19,83 gutxiago). UPN-PP eta PSN blokeak 2.749 boto (%27,36) eskuratu ditu, abenduan baino bat gutxiago (%0,03 gutxiago). Elkarrekin Ahal Duguk orain dela urte eta erdi sortutako espazioa sendotu egin du.