Carok Gipuzkoako Itzulia kendu zion Xabier Maizari

Guaixe 2016ko eka. 28a, 10:17
Xabier Maiza, liderraren maillotarekin.

Quesos Albeniz taldeko lakuntzarrak bi egunetan liderraren maillota jantzi zuen baina azken etapan ezin izan zuen eutsi. Seigarrena sailkatu zen, 58 segundora

Astelehenean despeditu zen VII. Gipuzkoako Itzulia, juniorren mailako aitzinetapa eta 3 etapako proba. Burundako Quesos Albeniz taldeko txirrindulariak lehiatu ziren bertan eta sekulako itzulia egin dute, Xabier Maiza lakuntzarrak bereziki. Lehendabiziko etapan lider jarri zen Xabier Maiza, etapan bigarrena sailkatu eta gero, eta bigarren etapan ere lidergoari eutsi zion. Baina asteleheneko hirugarren eta azken etapa El Proex-Iturribideko Oier Lazkanok irabazi zuen eta 6 segundora sartu zen Arabarrak taldeko Alejandro Caro. Xabier Maiza 11.a sartu zen, 1:47ra, eta maillot horia galdu zuen.

Sailkapen orokorra kontuan hartuta, Arabarrak taldeko Alejandro Caro izan zen txapelduna (6:59:11) eta Quesos Albenizeko Xabier Maiza seigarrena sailkatu zen, 58 segundora eta vere taldekide Asier Etxeberria 15.a, 3:18ra. Erregulartasunaren sailkapenean bigarrena sailkatu zen Maiza. Gipuzkoako Itzuliak azken egunean ihes egitea pena izan da, baina egindako lanarekin oso kontentu egoteko arrazoi asko ditu Maizak.