Cederna Garalurreko batzarrak lan-ildoak onartu ditu

Guaixe 2016ko eka. 30a, 18:47

Berdintasun Planari dagozkion neurriak ere onartu ziren.

Cederna-Garalurrek ohiko batzar orokorra egin zuen Irunberrin ostiralean. Joan den urteko kontuak eta memoria onartzean nabarmendu zen 2015ean, Cederna-Garalurren laguntzari esker,  Mendialdean 94 enpresa sortu zirela. Erakundeak, bestalde, Energia Eraginkortasun zerbitzua martxan jarri zuen eta harrera ona izan duela azpimarratu zen. 2016rako, orain arte landutako ildoez aparte zerbitzu hori lurraldeko erakunde pribatuei zabaltzeko asmoa dago.

Irunberriko bileran gaztigatu zenez, Nafarroako Landa Garapenearen 19.2 atalari dagozkion diru laguntzen deialdia irailean izanen da.  Bidasoa eta Plazaolako bide berdeak elkartzeko asmoa duen Ederbidea proiektuak Europako diru-laguntza jaso duela eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko duela jakinarazi zen, Cederna-Garalur eskualdean proiektua koordinatu eta komunikatzeko ardura izanen du. Bestalde, erakundea eragileekin batera egiten ari diren Nafarroako Mendialdeko Turismoari dagokion hausnarketa prozesuaren berri eman zuten. Helburua da Cederna Garalurrek turismo arloan landuko dituen ildoak erabakitzeko oinarria izatea.

Azkenik, Cederna-Garalurren Berdintasun Planaren baitan 2016rako ekintzak onartu ziren, baita erakundearen proiektu eta ekintzak genero ikuspuntuarekin ere planifikatu, aztertu eta kudeatzeko asmoa ere.