Europako Batasunetik alde egitearen hautua gauzatu dute uharteetako britainiarrek, doi-doi eta ezustean, baina “alde!” bozkatu dute. Londresen, Ibexerrian, Bruselan eta Gibraltarren garunikarak eragin ditu erantzunak eta Erresuma Batuarendako nahiz Europarendako hodei beltzak eta trumoi urragarriak iragarri dituzte hainbat profetak.
Ingeles eta galestar gehienak lerratu dira “alde!” horren alde eta bitxia bada ere beste batzuetan entzun ditugun mesprezu, irain eta gorroto mezu eta mehatxuak oso apal haizatu dira oraingoan. Bai, ez da gauza bera Katalunia, Eskozia, Quebec, Tibet, Armenia, Kurdistan, Euskal Herria edo Korsika larrutzea edo Erresuma Batua, Turkia, Errusia, Frantzia, Txina edo Espainia xaxatzea. Inperioenganako errespetua (edo beldurra) besterik ez da.
Irletako Britainian Viktoria erreginaren aroa gogoan XXI. mendeko behar izanetara moldatze lanetan sortzen diren “odol, izerdi eta malkoak” neketsuegi iritzita bide propioagoa aukeratu dute jakinik Commonwealth osasuntsu baten erdigunea direla. Ingelesak, jende pragmatiko eta harroa izaki, trikimailu andana asmatu beharko dituzte lehengo egoera ekonomiko oparoari (City deritzana ardatz) eusteko.
Europako Batasunak, sekula baino germaniarragoa, mota guztietako excell-ak betetzen eta bestelako orekak marrazten aritu beharko du heldu diren bi urteotan, baina batik bat Europako eraikuntza sozialari ekin beharko dio gogoz.
Bide batez, esan dezadan oraindik ez dudala iritzi izpirik aditu ingeles hizkuntzaren supremazismoa kolokan jarri duena. Kolonialismoak ez du etenik.