Argindar linean hobekuntza lanak egiten ari dira

Guaixe 2016ko uzt. 3a, 13:04
IRañetan, argindar dorrearen ondoan kableak eusteko egiturak jarri dituzte.

Uda guztian barna eginen dira lanak, azpiegiturak zaharrak direlako, eta tarteka argindar linean mozketak egin beharko dira.

Orkoien-Itsaso argi indar linea Sakanatik pasatzen da. 70. hamarkadan sortua, nahiko zaharra da eta lineak ongi funtzionatzeko tarteka mantenu hobekuntza lanak egin behar dira. Red Eléctrica Españolatik adierazi digutenez, uda honetan mantenu hobekuntza lan horiek egingo dira argindar linea guztian, tartean Sakanan. Udan egingo dituzte argindar kontsumoa jaisten delako eta herritarrengan ahalik eta kalte gutxienak sortzeko.

Dagoeneko hasiak daude lanak, Uharte Arakil eta Arakil aldean. Lanak faseka egingo dira. Orkoien-Itsaso argindar lineako tarte batzuetan haria aldatuko dute, egungoa zaharra delako. Aldaketa horrekin argindar linearen edukiera edo kapazitatea handituko dela deritzo Red Eléctrica Españolak, eta segurtasunean eta efizientzian irabaziko dela. Mantenu lan guztiak uda bukaerarako eginak egongo direla aurreikusten du Red Eléctrica Españolak.