Udalak ikasleen eskola garraioa antolatu nahian

Guaixe 2016ko uzt. 1a, 10:10

Heldu den urtean Iruñean DBHko 3. eta 4. mailak, Lanbide Hezkuntza eta Batxilergo ikasi nahi dutenek autobusez joan-etorriak egiteko udaletxeetan aurre-matrikulazioa egiteko eskatu diete.

Despeditu berri den ikasturtean Arakilgo eta Irurtzungo 168 ikasle Iruñera joateko eskola garraioa erabili dute. Arakildik DBHko 11 ikasle eta bestelako ikasketak egitera beste 14 joan ziren. Irurtzundik 62 DBHra eta 81 bestelako ikasketetara. Udalek Nafarroako Gobernuarekin akordioa egina dute bidaiak kudeatzeko, baina udalendako kostu handia denez hura aldatzen saiatu dira. Alferrik. Horregatik, zenbait moldaketa egin beharrean izan dira. Udaletik azaldu dutenez, ikasleek kudeaketan ez dute aldaketa handirik nabarituko.

Akordioaren arabera DBHko 3. eta 4. mailak Iruñera ikastera joaten diren ikasleak garraioa dohainik izanen dute. Nafarroako Gobernuak ordainduko du eta ikastetxearen bidez joan-etorriei buruzko informazioa jasoko ikasleek. Baina Lanbide Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen eskola garraioaren kudeaketaz udalak arduratuko dira. Ibilbidea, ordutegia eta prezioak antzekoak izanen direla aurreratu dute. Eta udalak izanen dira sortuko den zuloa estaltzeaz arduratuko direnak.

Guztia behar bezala antolatzeko eta zenbat erabiltzaile izanen diren aurreikusi eta eskola garraioa egoki antolatzeko, Arakilgo eta Irurtzungo Udalek heldu den ikasturtean ikasle izanen direnei zerbitzuan izena emateko eskatu diete. Irurtzunen epea atzo despeditu zen. Arakilen, berriz, gaur zabaldu eta heldu den ostiralera arte izanen da.

Ituna, hautsita
Ikasleen joan-etorriak antolatzeko Imozko, Lekunberriko, Larraungo, Arakilgo eta Irurtzungo udalek bat egin zuten. 1998tik Nafarroako Gobernuarekin urtero berritzen duten ituna dute. Haren helburua da herri horietako ikasleei  unibertsitatekoak ez diren gainontzeko ikasketak egiteko aukera erraztea. DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta unibertsitatekoak ez diren beste ikasketak dira.

Akordioaren arabera Irurtzungo Udala arduratzen zen kudeaketaz. Sortutako gastuak udalen eta Nafarroako Gobernuaren artean banatzen ziren, derrigorrezkoak ez diren ikasketetako ikasleek egiten duen ordainketarekin batera. Azken hiru ikasturteetan Nafarroako Gobernuak ez du zerbitzuak eragindako defizita bere gain hartu. Horrek udalendako jasanezina den gastua eragin du Arakilgo Udalari ikasturteko 12.000 euro eta Irurtzungoari 40.000.

Egoera bideratzeko udal ordezkariak gobernukoekin elkartu eta ituna moldatzen saiatu dira. Nafarroako Gobernuak eskola garraioaren defizita bere gain hartzeko helburua zuten udalek. Baina ez dute lortu ituna aldatzea edo berritzea. Horregatik, eskola garraioaren antolakuntza aldatzera behar izan dute.