Orain dela bi aste kaixomaitia.com atariak euskal herritarren harreman afektibo eta sexualen inguruko emaitzak argitaratu zituen. Pozgarria da, behingoz norbaitek gaiaren inguruko hausnarketa landua, atsegina eta erakargarria egin izana.
Bikote harremanak, harreman sexualak denon ahotan egoten dira baina gehienetan plazaratzeko garaian txisteak kontatuz edo ironiaz hitz egiten ohi dugu. Horrela, interesgarria litzateke inkestaren datuei helduta behingoz gaia hartu eta gure bizipenetatik abiatuta elkarrizketak bultzatzea, hau baita bide bakarra harremanak, gure buruak, ezagutu, onartu eta ondorioz erosoago bizitzeko.
Oraingoan deigarria egin zaidan datu bat atera eta nire hausnarketa zuekin partekatu nahiko nuke. Inkestaren datuak irakurrita, esan dezakegu bikote harremanak garrantzia dutela euskal herritarren bizitzan. Emakume eta gizon gehienak bikote harremanean bizi dira edo bikote harremana edukitzea nahi dute. Bikote harremana konfiantzan oinarrituta egotea nahi dugu eta elkarrekin ondo pasatzea bilatzen dugu.
Ongi dago jakitea zer nahi dugun harreman batean gaudenean, hala ere datu hauek ikusita eta kontsultan ikusten dugunarekin lotuta, esan dezakegu geroz eta gehiago eskatzen diogula harreman bati, eta inkestak dioen moduan zoriontasuna helburua izanik, garrantzitsua da konturatzea bikoteak ezin dituela bizitzako esparru guztiak elikatu, hau da, bikotearekin ongi pasatzea ongi dago, baina bikoteaz aparte gure bizitza elikatzea eta gure kabuz disfrutatzen ikasteak ere, bikote harremana elikatzeaz aàrte, gure buruaren eta gure zoriontasunaren jabe egiten gaitu. Horrela, bikote harremanari eskatzen dioguna orekatu daiteke norberak beste bide batzuk eraikiz –lagunak, norberaren aktibitateak…–. Honetaz aparte, jakin behar dugu, bikote harreman bateko konfiantza edo bikotearekin ongi pasatzea, ez direla ezer egin gabe agertzen. Harreman guztiak elikatu egin behar dira, eraiki eta hori partaide guztien ardura da. Bikoteari, harremanari, gauza asko eskatzen dizkiogu eta eskaerak egiterakoan zenbatetan galdetu diogu geure buruari eskatzen duguna nola eskaintzen dugun?
Erich Frommek esan zuen moduan “inoiz ez duzu zure bizitzako amorea bilatuko, maitasuna ez baita topatzen, eraikitzen baizik”