Mank-en Euskara Zerbitzuaren bidez beste album bat argitaratuko da

Guaixe 2016ko uzt. 3a, 15:14

Isaak Martinez Ortizen eta Liebana Goñi Yarnozen Zerua gris dago albumak irabazi du 2016 Etxepare saria, 5.000 euro, egile eskubideen aurrerapen moduan. Udazkenean Pamielak argitaratuko du.

Euskarazko albumen edizioan eragin asmoz antolatutako Etxepare sariaren 10. edizioak sarituak ditu: Isaak Martinez Ortiz idazlea eta Liebana Goñi Yarnoz ilustratzailea. Bien artean ondu dute Zerua gris dago albuma. Zerua grisa egon arren, elurrez eta koloreetako etxeez inguraturiko istorioa da albumean jasotzen dena. Ipuinaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak hain zuzen ere. Elur artean denbora aurrera doa, baita haien arteko erlazioa ere.

Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatutako epaimahaiak 23 lanen artean aukeratu behar izan dute. Hirukoteak azpimarratu duenez, “albumean adiskidetasun baten sorrera kontatzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila.”

Epaimahaikideek diotenez, “Zerua gris dago lanak zeru grisaren azpiko zelai zurian aurki daitekeen bizitzari gorazarre egiten dio, poliki eta kontu handiz, elur maluta elurtzara erori ohi den eran, eta hoztasunean lagun bat izateak ekar lezakeen konplizitate koloretsua erakusten digu, berdin dio lagun hori neska ala mutila izan.” Eta nabarmendu dute “gutxitan bezala, testuaren eta irudiaren arteko oreka, apenas aditzik duen testu finaren eta finezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean; ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela.”

Epaileendako “Zerua gris dago lanak elurraren isiltasun mutuan murgiltzen gaitu, gainerako doinuak aditzeko. Elurretan oinak sartzeko gonbita egiten digu urrats-soinuekin gordeketan jolasteko.” Eta irudiez diote: “oso aberatsak dira erabilitako kolore zein ukiarengatik eta erakusten dituzten xehetasunengatik. Horiek guztiek irakurketa desberdinak ahalbidetzen dituzte eta erakargarri egiten dute historia. Gainera, planoak aldatzen direnez, erritmoa mantendu egiten da eta irakurlearen arreta mantentzen da.”

Albumarekin gozatzeko gonbidapena dirudienarekin despeditzen dute epaia: “Zerua gris dago lanak hitz solteak, esaldi laburrak, onomatopeia esanguratsuak eskaintzen dizkigu irakurleoi, orriz orri, irudiak lagun eta erritmo pausatuan, bi protagonisten jokoan parte hartzeko.”

Sarituez
Isaak Martinez Ortiz
Hondarribian jaio zen 1975ean. Bertan institutua amaitu ondoren, Iruñera etorri zen Irakasletza egitera. Haur Hezkuntzako maisua da gaur egun eta Uharten bizi da. Bere lanak idaztearekin zerikusi handia ez badu ere, txikitatik gustatu izan zaio idaztea eta aspaldidanik lagunendako edo bere buruarendako ipuinak edo olerkiak egiten ditu.

Liébana Goñi Yárnoz
Iruñean jaio zen 1986ean. 2009an Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Diseinu Grafikoan eta Publizitate Artistikoko Zuzendaritzan espezializatu zen. Ilustrazioarekin zerikusia duten jardueretan parte hartu du, bai bakarka edota Y Peluda kolektiboaren partaide bezala. 2015ean Ilunean Argi argitaratu zuen (Denonartean argitaletxearekin), berak idatzitako eta ilustratutako haurrendako bere lehenengo album ilustratua. Urte berdinaren bukaeran, bere bigarren albuma aurkeztu zuen Malko izenburuarekin. Gaur egun ilustrazioarekin zerikusia duten hainbat proiektu egiten jarraitzen du.

Antolatzaileez
Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Nafarroako beste 18 toki erakunderen zerbitzuekin batera antolatzen du Etxepare saria, Pamiela argitaletxearen laguntzaz. Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusirik, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzeko xedearekin, Etxepare sariak antolatu zituzten 2004an. Etxepare sariek haur, gazte eta helduendako literatura saritu zuten bi ediziotan.

2006tik aurrera, Etxepare haurrendako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak gutxi dira, eta, alde horretatik, ekimen berritzailea dugu hau.

Bestalde, albumak dituen ezaugarriengatik garestia da bere produkzioa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak betetzeko ez da nahikoa saria ematearekin, lanak argitaratzen ere lagundu behar da. Horrela, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratzen du. 2009az geroztik Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu da. Horiek horrela, lehiatuko diren albumak bukatuta aurkeztu beharko dituzte lehiakideek.

Aurreko edizioetako saridunak
Urtea Lana Egileak
2006 Gerlari handia Pello Añorga eta Jokin Mitxelena
2007 Zirkua amets Joxan Ormazabal eta Iraia Okina
2008 Katalina kontalari Iñaki Zubeldia eta Estibalitz Jalón
2009 Alex, nire laguna Mikel Gurrutxaga eta Maite Gurrutxaga
2010 Euria ari duenean Leire Salaberria
2011 Hara! Miren Asiain
2013 Gerrak ez du izenik Leire Bilbao eta Maite Mutuberria
2014 Hiltzaileak Leire Salaberria
2015 Munstroek ere pixa egiten dute ohean Pello Añorga eta Jokin Mitxelena