Euskara hutsezko hedabideen balio soziala eta estrategikotasuna aitortzeko eskaera

Guaixe 2016ko uzt. 1a, 09:16

Guaixe astekariaren joan den asteko azala. Atzean artxiboko hainbat ale.

Euskarazko tokiko hedabideak biltzen dituen Tokikom elkarteak Nafarroako Gobernuari eskatu dio: euskara hutsezko hedabideendako diru-laguntza deialdi propioa egitea eta hurrengo deialdiak sektorearekin egiaztatuak izateko.

Hizkuntzaren normalizazioan egiteko bat dute, modu eraginkorrean betez gero herritarren edota herri erakundeen partetik saria jaso beharko lukeena. Sari horrek berdintzen edo gainditzen badu merkatu galera, euskal hedabideak ere bideragarri izanen dira.

 


Nafarroako euskarazko hedabideek Nafarroako Gobernutik diru-laguntza jaso zuten azken urtea 2011a izan zen. Lau urtetan diru-laguntzak desagertuta egon dira. Hamarkada erdi horretan makina bat zulo estali beharrean dauden toki-erakundeen aurrekontuak izoztuta egon dira. Haiek izan dira euskarazko hedabideen sustengua Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailarekin batera. Baina azken horrek aurten iturria moztu du, Nafarroako Gobernuak diru-laguntza deialdia egin duelako.

Azken hori albiste pozgarria da Nafarroako euskarazko hedabideendako, baina… Baina 24 urtez Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso ondoren, trantsizio tarterik gabe diru-laguntza mozteak, babes hori gabe umezurtz sentsazioa utzi du Nafarroako euskarazko hedabideetan. Urte askotan Eusko Jaurlaritza izan da Nafarroako euskarazko hedabideen sostengarria, urtez urte Nafarroako Gobernuak berak baino diru gehiago inbertitu du sektorean. Baina 2011etik 2015era Nafarroako euskara hutsezko hedabideek jaso dituzten laguntzetan “ikaragarrizko beherakada” egon da: %54. Ondorioz, lan sozial garrantzitsua egiten duten hedabide askoren ekonomia egoera sostengaezina bihurtu eta asko desagertu dira, batez ere prentsa arloan.



Diru laguntzen deialdiaz
Nafarroako Gobernuak euskara erabiltzen duten hedabideetara zuzendutako diru-laguntza deialdia egin du aurten. Baina deialdia ilbeltzaren 1etik lastailaren 31ra arteko tarterako besterik ez da, urteko azken bi hilabeteak kontutan hartu gabe. 440.000 euro banatuko ditu, Eusko Jaurlaritzak azken urtean banatutakoa baino kopuru handiagoa. Baina 150.000 euro ikus entzunezko deialdietatik bideratuko dira euskara hutsezko ikus-entzunezkoetara. Berreskuratu berri den hedabideen deialdiko 290.000 euroak euskara erabiltzen duten idatzizko prentsa, irrati eta on-line hedabideetara bideratuko dira. Baina horietatik 205.000euro soilik daude bideratuta espreski euskara hutsezko hedabideetara. Eta poltsa hori hirutan banatu behar da: 120.000 euro, gehienez, euskara hutsezko toki aldizkariendako; 50.000 euro, gehienez, euskarazko irrati komertzialendako eta 35.000 euro, gehienez, udal titulartasuneko euskarazko irratiendako.

Deialdiak, beraz, ez dio gehiegi laguntzen Nafarroako euskarazko hedabideen jarduna bermatzeari. Zergatik? Tokikom elkarteko aldizkariek %15 gutxiago jasoko dutelako (2015ean 141.262 eta 2016an 120.000 euro). Eta, gainera, joan den urteko deialdia lekurik ez zuten zenbait hedabide gehituko zaizkio. Irratien poltsa, gutxi gorabehera mantendu eginen da, baina 2011tik 2015era Tokikomeko irratiek jasotakoa %30 jaitsi da. Azkenik, agerkari digitalen kasuan %21eko beherakada dago. Joan den urtean Tokikom-eko kideek 18.095 euro jaso zituzten. Aurtengo poltsa 15.000 eurokoa da, baina deialdian euskara erabiltzen duten hedabide guztiak aurkeztu daitezke. Beraz, Tokikom-eko kideek jasotako diru kopuruak nabarmen eginen du behera, aldaketarekin okerrago geldituko dira.

Hedabideen beste diru iturrietako bat publizitatea da. Tokiko euskarazko prentsak zerbitzu hori eskaintzen du ere. Eta Nafarroako Gobernua eskertzekoak diren urratsak egiten hasi da. Baina gaur gaurkoz ez du diru-laguntzetan jasanen dugun beherakada konpentsatzen. Baina tokiko prentsa ez da Nafarroako Gobernuak abian jarri duen publizitatearen kudeaketarako pleguan baremazioetan agertzen.

Ciesen 2015eko azterketaren arabera euskara hitz egin, irakurri eta idazteko gaitasuna duten nafarrak 67.000 dira. Eta Nafarroako paperezko toki hedabideen inguruan egindako azken datuak hartu (2012) eta irratien kasurako Ciesen daturik ez daudenez, Eusko Jaurlaritzak egindako galdetegia hartu eta estrapolatuz ariketa bat egin nahi izan dugu eta emaitzaren arabera, 58.277 euskaldunek kontsumitzen dituzte gure euskarazko produktuak, %87k. Datuek diotenaren arabera, euskarazko hedabideak bere zereginean eraginkorrak dira.

Beraz, publizitatearen alorrean ere beraz bidea egin nahiko genuke, kontziente baikara bi hizkuntzak elkarbizitzen duten lurraldeetan gure hedabideek dituzten audientzia datuez, liderrak norbere eskualdean. Mundu mailan informazio lokala edo hiperlokala gero eta estimatuagoa dela ere nabari uzten dute ikerketek.


Datuak
246 kolaboratzaile eta 40 langile
Horien jardunari esker lortzen dugu Nafarroako euskaldunen %87k euskarazko komunikabideak kontsumitzea.

10,45 euro
Bataz beste orduko pertsonaleko gastua, 40 langile horien pertsonal gastuei eta urteko lan orduei erreparatuta. Paperezkoetan 12,05 eurotik gora, irratietan 7,43.


Ibilbidea
Gaur egun Nafarroan lanean ari diren euskarazko hedabide gehienak 90ko hamarkadan sortu ziren. Ordutik Nafarroan euskararen normalizaziorako tresna garrantzitsua bihurtu dira, tokian tokiko etxeetara sartuz. Etxe askotan, gainera, ez da bestelako euskarazko hedabiderik sartzen. Beraz, hedabideok nafar horiei euskara eskura jartzen diegu eta ia euskaldunak ere euskarara hurbiltzeko tresna izan gaitezke. Nafarroako Gobernuaren eskariz Cies etxeak 2013an egindako azterketaren arabera nafarren %50,6ak kontsumitzen zituen tokiko komunikabideak. Joerak ikusita, maila mantentzen dela pentsa liteke.

Euskara hutsezko komunikabideek egin duten lana balioan jartzeko beharra ikusten dugu. Horregatik, interesgarria iruditzen zaigu Euskal Autonomia Erkidegoan Mondragon Unibertsitateko ikerlari talde batek aurten aurkeztu berri duen ikerketaren bidean sakontzea. Ikerketa horren bitartez, datuekin azaldu dute ikerlariek, euskarazko hedabideak aberastasun sortzaile nabarmenak direla eta diruz lagundutako euro bakoitzeko 9,2 euroko ekarpena egiten diotela hedabideek gizarteari.

Nafarroako kasuan adibidez, garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea euskarazko hedabideek arnasguneetan egiten duten lana, eta Iruñerrian euskarazko komunitatea errotu eta zabaltzean betetzen duten rola. Gainera, kultur transmisiorako tresna garrantzitsu eta eraginkorra ere badira hedabide horiek, “haztegi izan gara hainbat artistendako.” Azken (2011) soziolinguistika inkestaren arabera euskararen aldeko jarrerak gora. Hizkuntzaren normalizaziorako helburu horretan lan egin duten eragile desberdinei esker izan da hori, euskarazko hedabideena barne.


Tokikom
Euskarazko tokiko hedabideak biltzen dituen elkartea da Tokikom. Bere baitan Nafarroako hedabide hauek daude: Xorroxin Irratia, Euskalerria Irratia, Mailope, Ttipi Ttapa, Beleixe Irratia (FM 107,3), Guaixe astekaria eta www.guaixe.eus.