Bakaikoa eta Gorriti txapeldunak

Guaixe 2016ko uzt. 4a, 10:31
Herrien Arteko Txapelketako finalistak. Argazkia: Iban Aguinaga.

Doneztebeko Errekak Iruñea hartu du menpean Nafarroako Herrien Arteko Txapelketan

Larunbatean Nafarroako Herrien Arteko Txapelketako finala jokatu zen Labriten. Doneztebe eta Iruñea lehiatu ziren, lau mailatan: kimuak, haurrak, jubenilak eta seniorrak. Aurreikusi moduan Doneztebe faboritoa izan zen nagusi, lau partidetatik hiru irabazi zituelako, haurren mailakoa ezik, beste guztiak.

Doneztebek txapela lortzearen atzean bi sakandarrek zeresan asko izan zuten. Izan ere, bertako Erreka klubean aritzen dira Joanes Bakaikoa etxarriarra eta Jon Gorriti uhartearra. Biek Doneztebeko seniorren mailako bikotea osatu zuten eta 5 tantotan utzi zituzten Iruñeako Mayans eta Irurita. Bakaikoak gainontzeko pilotariak baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen, akatsik egin ez zuen Gorritiren babes sendoa zuela. Bien lan bikainak Mayans eta Irurita arriskatzera eraman zituen, eta Iruñakoek akats ugari egin zituzten. Bukaeran 22 eta 5 gailendu ziren Errekako sakandarrak.

Hortaz, merezitako txapela jantzi zuten Bakaikoak eta Gorritik, Doneztebeko Errekako gainontzeko pilotariek bezala. Hiru asteko epean hirugarren txapela jantzi du Bakaikoak. Aurreko astean, Adur Lasarekin seniorretan bikotea osatuta, Berria txapelketa irabazi zuen Bakaikoak Errekarekin eta duela bi aste ETB-LEPM torneoa, Erasunekin batera. Asegarcerekin aurre kontratua dauka pilotari etxarriarrak, eta saltoa emateko gai dela erakusten ari da behin eta berriz. Hori bai, lehenago Euskal Herriko Herrien Arteko Txapelketa jokatu beharko du Errekarekin. Txapelketa hori lortuz gero, Errekak denboraldiko txapelketarik prestigiotsuenak irabaziko lituzke: Berria, Nafarroako Herrien Artekoa eta Euskal Herriko Herrien Artekoa.

Nafarroako Herrien Arteko Txapelketako Finala
Iruñea / Doneztebeko Erreka
Kimuak: Larrainzar-Leizar (Iruñea) 3 / Ilarregi-Agesta (Erreka) 18
Haurrak: Perez-Cuairan (Iruñea) 18 / Loiarte-Petrikorena (Erreka) 11
Jubenilak: Garcia-Cordon (Iruñea) 19 / Salaberria-Mariezkurrena (Erreka) 22
Seniorrak: Mayans-Irurita (Iruñea) 5 / Bakaikoa-Gorriti (Erreka) 22