Pasa den astean bota nituen hauteskunde propagandarako bidaltzen dituzten gutunazal eta paper mordoa. Horrekin batera zakarrera joan ziren aldaketa, ilusioa, justizia etiko, morala eta ekonomikoa egiteko desioa eta beste hainbat nahi.
Nirekin gelditu ziren, aldiz, tristura, amorrua, amorrua eta amorrua. Ezin gainetik kendu, ezin ulertu, pareta baten kontra jotzea bezala.
Paperak birziklatzera eta paretaren kontra joka ni.
Zenbat energia hauteskundeetan jarrita: gutunazalak, mahai elektoralean dauden pertsona guztiei ematen zaien dirua eta denbora, udaletako idazkariei ordaintzen zaiena, epaileek kobratzen dutena, politikariek eta abar amaiezin bat, nik ezagutzen ez dudana. Papera, dirua, denbora, energia, emozio paleta zabal bat, hori guztia ezertarako ez (nire iritziz, noski).
Eta papera birziklatzera. Klik egin zidan papera zakarrera bota nuenean eta esperantza izpi bat ireki. Paper horiek beste zeozertan bilakatuko ziren esperantza. Jorge Drexlerrek bere kantan “todo se transforma” dio, gomendagarri.
Nik hemen esperantzara nahiago dut ihes egin paretari jotzen jarraitu baino, eta zera diot: Hauteskundeetan argira atera ez den kaka montona, biharko loreen ongarri izan dadila. Hala bedi.