Komunikazio positiboa

Irurtzungo zonaldeko Gizarte Zerbitzua 2016ko uzt. 8a, 08:01

kolaboratzaileak

Gizakiok jaiotzen garenetik izaki sozialak gara, hau da, beste gizakiekin harremanetan bizitzeko sortuak gaude. Gizartean bizitzeko elkarren arteko komunikazioa ezinbestekoa da. Arauak onartu edo uko egin ahal ditugu, iritzi desberdinak izan ditzakegu, baina, berez, gai gara benetan pentsatzen eta sentitzen duguna besteei inolako arazorik gabe adierazteko?

Askotan besteekin harremanetan jartzen garenean asertiboak izatea kostatzen zaigu. Baina zer esan nahi du asertibitateak? Asertiboa izatea da gainontzekoei jakinaraztea zer sentitzen dugun eta zer pentsatzen dugun, gainontzekoak mindu gabe, baina aldi berean, esateko duzuna adieraziz. Sozialki ez dago oso onartua guk benetan behar duguna eta pentsatzen duguna esatea. Beldur gara besteak gutaz zer pentsatuko duten, ahul itxura ematea… Hori dela eta, askotan egin nahi ez duguna egiten dugu eta gure buruaren aurka egiten dugu. Honek guregan eraginak izan ditzake, era batera edo bestera kanpora aterako baita, haserre moduan, neke moduan…

Portaera asertiboa, ez asertiboa bezalaxe, ikasitako portaera bat da. Horren arabera asertiboa izaten ikasi daiteke. Beraz, pertsona guztien esku dago asertiboagoa izatea. Ikasketa prozesu horretan, garrantzitsua, kontuan izan beharko ditugu portaeraren oinarri diren hiru mailak: kognitiboa, emozionala eta motorra. Portaera asertiboa ez ematearen arrazoia hiru maila horietako zeinetan zentratzen den jakinda, teknika mota desberdinak erabil daitezke hauek lantzeko. Batzuei pentsatzen dutena esatea kostatuko zaie, adibidez, beste batzuei, berriz, sentitzen dutena. Badaude ere, pentsatzen edo sentitzen dutena akziora eramaterakoan zailtasunak dituztenak. Hauetako zeinetan ikusten duzu zure burua islatua?

Asertiboak garenenean ez gara ez pasiboak ez agresiboak izaten. Pasibo egoeran gaude beste pertsonek presioa egiten digutenean edo haserretzen direnean eta guk amore emateko jarrera hartzen dugunean. Egoera agresiboetan gaude, berriz, nahi duguna lortzeko borrokatzeko jarreran jartzen garenean. Ez dugu interesik bestearen eskaerak bidezkoak diren ala ez egiaztatzeko ere. Irainak, mehatxuak, oihuak… eman daitezke egoera hauetan.

Nola egin dezakegu jarrera pasibo eta agresiboak alde batera uzteko eta asertibitatea martxan jartzeko? Hurrengo lerroetan kontutan hartu ditzakezuen pauso batzuk azaltzen dizkizuegu.

1: Egoera deskribatu. Bestearen jokaera hitzez azaldu. Objetibotasuna. ("Gaur 15 minutu berandu heldu zara eskolara".

2: Azaldu. Jokaeraren ondorio negatiboak. Emozioen burujabetasuna. ("Eskolara berandu zatozen bakoitzean kezkatzen naiz")

3: Eskatu. Jokaera berria, alternatiboa. Eskaera errealistak eta zehatzak. Komunikazioa ("Mesedez, garaiz etorri").

4: Ondorioak. Jokaera berriaren ondorio positiboak. Asertibitatea. (“Horrela ni lasaituko naiz eta ez dizut behin eta berriz orduarena gogoratuko. Gainera, ez zara atsedenaldi orduan ikasgelan geratu beharko eta lagunekin jolastuko duzu.”)

Badakigu betidanik erabili ditugun jarrerak aldatzea kostatzen zaigula baina kongruenteak izatera animatzen zaituztegu ekartzen dituen ondorio positiboak bizitzeko.