Ezkurdia eta Rezusta sanferminetako torneotik kanpo

Guaixe 2016ko uzt. 11a, 09:49

Urrutikoetxeak eta Untoriak 9 tantotan utzi zituzten

Urrutikoetxea Ezkurdiaren amets gaiztoa bilakatu da. Sanferminetako lau t´erdian Urrutikoetxearen kontra galdu ondoren, atzera ere Zaratamokoaren kontra galdu egin zuen Joseba Ezkurdiak, Sanferminetako Binakakoan. Untoriarekin aritu zen Urrutikoetxea eta, zezenen moduan, Ezkurdiaren eta lesionatuta dagoen Aitor Zubieta ordezkatu zuen Rezustaren gainetik pasa ziren Asegarcekoak.

Sanferminetako torneoko lehen partidan 22 eta 9 galdu zuten Ezkurdiak eta Zubietak Olaizola II.a eta Albisuren kontra. Goizuetakoa eta ataundarra bikain aritu ziren eta Zubieta ez zen Albisuri erresistentzia jartzeko kapaza izan. Gainera, eskuetatik gaizki bukatu zuen atzelari etxarriarrak eta bigarren partidan Rezustak hartu behar izan zuen bere tokia. Lehen partida galduta, finalerako sailkatzeko Urrutiren eta Untoriaren kontra irabazi beharrean zeuden Ezkurdia eta Rezusta. Baina ez zen hori gertatu, inondik inora.

Urrutik partida bikaina egin zuen. 11 tanto egin zituen, gehienak airez, eta partidako jaun eta jabe izan zen. Hasieratik aldea atera zuten eta abantaila bikain kudeatu zuten. Aldiz, Ezkurdiak eta Rezustak ez zuten bikote sendoa osatu eta akats handiak egin zituzten, azkenean 22 eta 9 galdu arte.

Ahazteko moduko sanferminak izan dira arbizuarrarendako, alde ederrarekin irabazten joan ondoren alde bateko tantoagatik Urrutiren kontra lau t´erdikoa galdu zuelako eta Sanferminetako Binakakotik kanpo geratu delako.