Espainiako Txapelketetatik bueltan

Guaixe 2016ko uzt. 12a, 13:47

Nafarroarekin aritutako sakandarrek lan txukuna egin dute. Tartean, juniorretan Ailetz Lasa 7.a eta Bakarne Gonzalez 17.a sailkatu ziren

Bero sapa izugarriarekin jokatu dira, Meridan, haurren eta kadeteen mailetako Espainiako Txirrindularitza Txapelketak. Nafarroako selekzioan Aralar eta Burunda klub sakandarretako txirrindulariak eta Gipuzkoa-Rural Kutxa eta CAF Transport Enginiering taldeetan lehiatzen diren txirrindulari sakandarrak aritu dira. Beroarengatik hainbat lasterketen ordutegia atzeratu behar izan zuten eta gure txirrindulariek izugarri sufritu behar izan zuten.

Ostiral arratsaldean kadete mailako erlojupekoak jokatu ziren. Nafarroako selekzioarekin taldekako erlojupekoan lehiatu ziren Iosu Etxeberria eta Ailetz Lasa. Illes Balearsek irabazi zuen proba (10:27) eta Nafarroa 8.a sailkatu zen, 43 segundora.

Larunbat goizean haurren mailako ginkanen txanda izan zen. Gizonezkoetan Andres Garcia murtziarra gailendu zen (1:41) eta Iker Mintegi 17.a sailkatu zen. Nafarroak taldekakoan zilarrezko domina jantzi zuen. Emakumezkoetan Eva Anguela madrildarra izan zen txapelduna (1:52) eta Aralar taldeko Maria Beraza 32.a sailkatu zen.

Arratsaldean, berotzarrari aurre egin ezinik kadete mailako lineako lasterketak jokatu ziren. Gizonezkoen mailan Daniel Cavia gaztelarrak irabazi zuen. Iker Mintegik ez zuen zortea alde izan eta erretiratu egin behar izan zen. Eta emakumezkoetan Sara Mendez kataluniarra gailendu zen (16:00). Maria Beraza 52.a iritsi zen helmugara, 4:35era.

Igandean kadete mailako lineako lasterketen txanda izan zen. Beroa izan zen, atzera ere, protagonista. Gizonezkoetan talde bat iritsi zen aurreratuta eta esprintean erabaki zen txapelketa. Sergio Trueba izan zen azkarrena (1:22:35). Ailetz Lasa ziordiarra 7.a sartu zen, 3 segundora, lasterketa ona egin ondoren. Aldiz, Iosu Etxeberria iturmendiarrak ez zuen zortea lagun izan. Lasterketaren parte handian eta La Zarza portuan aurretik joan ondoren, gurpila zulatu zitzaion eta aldatutakoarekin ere arazoak izan zituen, presio baxua tarteko. Nahiz eta aurreko postuekin bat egiten saiatu, arazoak bata bestearen atzetik izanda, nahikoa izan zuen tropelarekin batera proba bukatzean. 54.a izan zen, 23 segundora.   

Emakumezkoetan La Zarzako igoerak erabaki zuen. 18 txirrindulari geratu ziren aurrean, Bakarne Gonzalez altsasuarra tartean, eta erasoak etengabekoak izan ziren. Azkenean Aragoiko selekzioko Ana Monfort gailendu zen (1:33:29). Bakarne Gonzalez 17.a sartu zen, 19 segundora, eta Joana Irastorza etxarriarra 47.a, 10:47ra.