96 langabe gutxiago Altsasuko enplegu bulegoan izena emanda

Guaixe 2016ko uzt. 12a, 16:24

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NEZ) jakinarazi duenez, Altsasun duen bulegoan %9,33 jaitsi zen langabezia joan den hilean. Maiatza akaberan baino 96 sakandar gutxiago zeuden izena emanda garagarrilaren akaberan. Guztira 933 langabe. Ibarreko datu izateko Iruñeko Zabalguneko Arakil eta Irurtzungo langabeen datua beharko litzateke. Bestalde, NEZek jakinarazi duenez, joan den hilabetean Altsasuko enplegu bulegoaren bidez 706 kontratu itxi ziren. Haietatik 25 besterik ez ziren mugagabeak, gainontzeko guztiak, 681, aldi baterakoak ziren.

Nafarroari dagokionez, lehen aldiz zazpi urtean langabezia 40.000 langatik behera egin du, garagartzaroan maiatzean baino %9,5 langabe gutxiago baitzeuden. Zehazki lan bila zeuden nafarrak 39.658 ziren. Hilabete batean 1.517 pertsonek utzi zioten langabe izateari. Duela urte bat baino 3.253 langabe gutxiago dira. Hala ere, langabe gehienak emakumezkoak izaten segitzen dute Nafarroan:  22.552 (%56,9, 539 gutxiago eta %2,3ko jaitsiera). Gizonezko langabeak 17.106 dira (%43,1; 978 gutxiago eta %5,4ko jaitsiera).