Irañeta hirugarrena Nafarroako Ingude Altxatzean eta Mikel Lasarte hirugarrena Motozerra Txapelketan

Atzo jokatu ziren txapelketak, sanferminetan

Sanferminetako astearteko herri kirol jardunaldian makina bat txapelketa jokatu ziren. Ingudeen eta motozerren txanda izan zen. Nafarroako Gizonezkoen Ingude Altxatze Txapelketa jokatu zen tartean. 7 ingude jasotzaile aritzekoak ziren baina azkenean kale egin zuen Iñaki Ibero irurtzundarrak eta 6 lehiatu ziren. 18 kiloko ingudeari ahalik eta altxaldi gehien ematea zen erronka eta Josetxo Urrutia leitzarra izan zen txapelduna, 84 altxaldi egin eta gero. Bigarrena, altxaldi bat gutxiagorekin, Imanol Martin berriozartarra izan zen (83 altxaldi). Jon Irañeta irurtzundarra hirugarrena sailkatu ze n, 75 altxaldi egin eta gero.

Ingude Altxatze Txapelketaren ondoren, III. San Fermin Motozerra Txapelketaren txanda iritsiko zen. Alayn Salvador, Peio Kañamares, Juan Asin eta Mikel Lasartek motozerrarekin duten gaitasuna erakutsi zuten, 20 minutuko bi txandatan arituta, txanda bakoitzean irudi bat egin behar baitzuten. Peio Kañamares izan zen txapelduna, Juan Asin bigarrena eta Mikel Lasarte hirugarrena.