Sakana Igeriketa Taldeko 47 igerilariek denboraldiari agur

Guaixe 2016ko uzt. 14a, 10:14

Denboraldiaren balantze positiboa egin du taldeak eta hurrengo denboraldirako taldean aritzera animatu dituzte Sakanako gaztetxoak

Sakana Igeriketa Taldeak 2015-2016 denboraldiaren balorazio positiboa egin du. Taldeak 47 igerilari dauzka, 8 benjamin mailan, 23 kimuen mailan eta 16 haurren mailan eta goiko kategorietan. Denboraldia irailan hasi zen eta ekainean despeditu eta orain merezitako atsedena hartuko dute igerilariek, Altsasuko festen ondoren berriro lanean hasteko, 2016-2017 denboraldian.

Sakana Igeriketa Taldetik adierazi digutenez, Altsasuko eta Etxarri Aranazko Udalen eta Sakanako Mankomunitearen laguntza dute. “Altsasuko Udalak Zelandi kiroldegiko igerilekuko bi kaleen erabilera uzten digu eta diru-laguntza ematen digu, eta gainontzekoek laguntza” azaldu dute.

Sakana Igeriketa Taldean diotenez “klub apala gara, baina gure igerilarien maila ona da”. Horrela, Nafar Kirol Jolasetan igeriketan aritzen diren 22 klubetatik 10. postuan sailkatu dira Sakanakoak. Eta, horretaz gain, Euskadiko Txapelketetan aritzen dira Sakanako taldeko benjamin eta haurren mailetako igerilari batzuk. Eta Espainiako Txapelketetan aritu izan dira ere klubeko igerilari batzuk. “Garilaren bukaeran taldeko igerilari bat Espainiako Txapelketetako 50 m libreetan lehiatuko da” azaldu digute klubeko kideek.

Unai Irigoien brontzezkoa Euskadiko Txapelketan
Garilaren 2an eta 3an Euskadiko 2016ko Igeriketa Txapelketan aritu ziren Sakana Igeriketa Taldeko Ane Morentin, Unai Rodrigez eta Iker eta Unai Irigoien, benjamin eta kimuen mailan. “Aipatu txapelketan parte hartzeko minimo batzuk eskatzen dira eta gurea bezalako talde apal batendako minimo horiek betetzea jada, arrakasta da” adierazi dute klubeko kideek. 100 m libreetan, 200 m libreetan, 400 m libreetan, 100 m bularretan, 100 m tximeletan, 100 m estilotan eta 400 m estilotan lehiatu ziren. Unai Irigoien 400 m libreetan lehiatu zen beste 23 igerilarirekin. 13.a sailkatu zen, baina bere kategorian, 2003 urteko mailan, hirugarrena sailkatu zen eta brontzezko domina ekarri zuen. Domina janzteaz gain, garilaren bukaeran Madrilen jokatuko diren Espainiako Igeriketa Txapelketetan lehiatuko da Unai Irigoien, 100 m libreetan.

Sakana Igeriketa Taldean izena emateko
Sakana Igeriketa Taldearen nahia Altsasu eta Arbizuko igeriketa ikastaroak bukatzen dituzten neska-mutikoak bere klubera erakartzea da, igeriketan jarraitu dezaten. Taldea zabalik dago interesatu guztiendako eta Sakana Igeriketa Taldean matrikula egiteko irailaren 12ra arteko epea dago, 657 60 29 65 telefonora hots eginez.

Igeriketaren onurak
Igeriketaren onurak anitzak dira. Gorputzaren garapen egokiagoa dute igeriketa lantzen duten gaztetxoek eta igeriketaren bidez motorraren –landutako muskulu-masaren– eta zamaren –gorputz-gantza– arteko erlazioa modu egokian erregulatzen da. Gorputzaren malgutasuna hobetzen du igeriketak eta gorputzaren tamaina handieneko muskulu-multzoak garatzen ditu. Igeriketaren bidez neska-mutikoek hobeto hartuko dute atseden eta hobeto jango dute, eta, jakina, elkarren artean erlazionatzeko eta lagun berriak egiteko primerako aukera da igeriketa.