Euskarazko errotuluendako diru-laguntzak

Guaixe 2016ko uzt. 14a, 12:46

Errotuluak euskaraz jartzen dituzten establezimendu komertzialek, ostalaritzakoek eta elkarteek diru-laguntzak eskatzeko aukera izanen dute. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak horretarako deialdia publiko egin du. Haren bidez diruz lagunduko dira errotuluak, toldoak eta ibilgailu komertzialen errotulazioa.

Horretara Mank-ek 1.500 euroko diru-saila bideratuko du. Euskara hutsean idatziak dauden errotuluak jartzen dituenari gastuaren %50 ordainduko zaio, 550 euroko mugarekin. Euskaraz eta erdaraz idatzitako errotulua jartzen dutenei gastuaren %25 ordainduko zaie, 250 euroko mugarekin. Azken kasu horretan elebitasun pizgarriaren irizpidea erabili beharko dute, hau da, euskarazko testuak -tamainarengatik, tokiarengatik edo azpimarratuta egoteagatik- lehentasuna izanen du. Euskara Zerbitzutik argitu dutenez, ez dute diru-laguntzarik hartuko bakarrik izen-abizenak edo toponimoak dituzten errotuluek ezta gaizki idatziak edo oker gramatikalak dituztenek. Aldi berean, Mank-ek itzulpen eta aholkularitza zerbitzua eskainiko die doan errotulua euskaraz jarri nahi dutenei.

Eskabideak Mank-eko Lakuntzako egoitzan aurkeztu beharko dira abenduaren 2a baino lehen. Eskabidearekin batera honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: IFKren fotokopia, fakturaren fotokopia, errotuluaren argazkia eta aitorpena, objektu horretarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako diru-laguntza guztiena. Adierazi beharko da eskaerak ebazteke edo ebatzita dauden; azkenengo kasu horretan, erantsiko da kontzesioari buruzko ebazpenaren kopia. Eskatzaileak Sakanako Mankomunitatearekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea ezinbestekoa da.