Uda garaian gara eta gure herrietan jai giroa da nagusi. Urte osoan lan egin ondoren atsedena behar dugu, ongi merezita, gainera. Arbizukoak izan ziren lehenak eta pixkanaka-pixkanaka ibarreko gainerako herriak joango dira batzen festara.
Hala eta guztiz ere, aurtengo jaien garaia Iruñeko Auzitegiak emandako epai batek baldintzatuta datorkigu, legeari iruzur egitea leporatu baitiete Etxarriko eta Lakuntzako udalei iazko jaietan ikurrina balkoietara ateratzeagatik. Bi udalerri hauek ez daude bakarrik zentzugabeko zigorraren festa honetan; izan ere, hormara begira, belaunikatuta, besoak gurutzean eta hainbat eta hainbat liburu eskuen gainean beste herri batzuk ere ipini dituzte: Berriozar, Leitza, Oteitza, Lizarra, Tafalla eta Iruñea. Herri garrantzitsuak dira horiek guztiak, maitagarriak, eta horien artean daude gureak. Hoberenen artean. Gure nortasunaren defentsan ere, irabazle atera gara ex-aequo Lizarraldekoekin batera.
Ilegalak gara, agiririk gabeko gizajo haiek bezala. Badira batzuk beren nortasunaren ikurrak erakuts ditzaketenak lasai asko. Guk ez. Guk legeari iruzur egiten diogu. Eta haiek? Ez al digute guri egiten iruzur?
Atzo sanferminak bukatu ziren. Balantzea egiteko unean ondorio gazi-gozoak atera ditugu gauza onak, gauza txar askorekin nahastu baitira aurten oso era agerian. Ikurrinaren auzian irudimena martxan jarri behar izan zuen Iruñeko alkate jaunak eta azkenean bidegabeko legeari men egiteko beharrak eraginda, masta huts bat ezarri behar izan zuen balkoian erakusteko Nafarroan ez dela oraindik nafar guztion sentimenduak errespetatzen, “aniztasunaren erreinu” honetan aniztasuna ez dela errespetatzen.
Errespetu gutxi dago. Errespetu falta ikaragarria: gure nortasunari (herri bezala gure askatasunari) egiten zaion errespetu faltatik hasi, eta gure gorputzari (pertsona bezala gure askatasunari) egiten zaion eraso eta begirune falta izugarriraino. Legeak nortasuna ukatzen digu eta ezjakintasunak, kulturarik ezak, gorputza erasotzen digu. Eraso sexisten aurkako kanpainak behar-beharrezkoak ditugu guretzat eta gure herrietara etortzen diren bisitarientzat. Bestearen nortasuna eta gorputza errespetatzen irakatsi behar diegu etxekoei eta bisitariei. Pedagogia egitea izango da gure lana aurten herriko jaietan.
Legeari iruzur egin ez dakion erne dagoena erne ere egon dadin legearen zaintzailea izan nahi duen edozeini ohartarazteko, bortxatzea, bortxaketa bideoan grabatzea eta bortxatua ehiza trofeo bezala erakustea delitua dela. Emakume frantziar bat Gaztelu Plazako parkinean erasotua izan zen. Australiako neska bat, Arga ibaiaren aldean. Intolerantzia eta matxismoa ezin dira normaltzat jo. Gure nortasunari eta gure gorputzari begirunea zor zaie.