Hemen dira Ur Festa Goxoak

Guaixe 2016ko uzt. 19a, 11:00

Gozamenez programaren barruan, gazteek igerilekuez gauez gozatzeko aukera izanen dute.

Ur Festa Goxoa Sakanako gazteei egiten zaien eskaintza ludikoa da,”modu osasungarrian ongi pasatzeko aukera eskaintzen duena. Irurtzungo, Uharte Arakilgo, Lakuntzako, Etxarri Aranazko eta Altsasuko igerilekuetan festa bana eginen da heldu den asteartetik aurrera. Sakanan Gozamenez programa aurrera eramaten duen batzordeak antolatu ditu festa horiek.

Guztiak ere 21:00etan hasiko dira, aurkezpenarekin. Afal garaia 21:30ean izanen da eta ogitartekoa eta freskagarria 3 eurotan eskuratzerik izanen da. Igerilekura doazen gazteek gauean bainua hartu eta ur-jokoekin gozatzeko aukera izanen da. Festa txokolate beroaren dastatzearekin despeditzen da.   Hala ere, herri bakoitzean festak bere berezitasunak izanen ditu. Lakuntzan kandela hegalariak haizatuko dituzte. Altsasun, bestalde, behar bereziak dituzten Mila Kolore elkarteko gazteek Goazen dantzara ikuskizuna eskainiko dute eta Alaintxof-ek su eta argi malabare ikuskizuna eskainiko du.

Gozamenez
Gazteen artean sexualitatea ikuspegi positibotik, adeitsutik, pluraletik eta aberasgarritik lantzea helburu duen programa da Gozamenez. Sakanan 15 urte darama indarrean. Sexualitatearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatu nahi du gazteen artean nahiz gazteen eta haien bitartekarien artean (familia, ikastetxea, komunikabideak...). Gazteen bizitzan sexualitateak duen tokia agerian utzi nahi du, gune publiko eta ohikoetan. Gazteei zuzendutako ekintzak ludikoak dira eta haien bidez gure gorputzak eta zentzumenak plazer iturri eta komunikazio bide direla ohartarazi nahi zaie.

Sakanako Gozamenez Batzordea honako erakundeek osatzen dute: Etxarri Aranazko Emakumeari Laguntzeko Zentroko hezitzaileak, Altsasuko Gazteria Zerbitzuko teknikariak, Altsasuko, Etxarriko eta Irurtzungo Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio teknikariek eta Etxarriko kultur teknikariak.

Ur Festa Goxoen egutegia
Garilak 20, asteazkena Etxarri Aranatz
Garilak 21, osteguna    Altsasu
Garilak 28, osteguna Lakuntza
Zehaztu gabeko data    Irurtzun eta Uharte Arakil