Sakanako XV. Haur Triatloia jokoan

Guaixe 2016ko uzt. 15a, 14:37

Urdiaingo igerilekuetan jokatuko da, bihar, larunbatean, 10:00etatik aurrera

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak dena prest du bihar, garilaren 16an, larunbatean, Urdiaingo igerilekuetan Sakanako XV. Haur Triatloia jokatzeko. Horretarako hainbat entitateen laguntza izan du Mank-ek: Sakanako Triatloi Taldea, Urdiaingo Aitziber elkartea, Urdiaingo Udala eta Nafarroako Triatloi Federazioa. Goizeko 10:00etatik aurrera, triatloi proba politez gozatzeko aukera izango da Urrizti eta San Pedro paraje ederretan. Aipatu probak Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak dira.

100 triatleta inguru
Ondoko kategoriendako probak jokatuko dira: aurre-benjaminak, benjaminak, kimuak, haurrak, kadeteak eta juniorrak. Lehendabizi nagusienak hasiko dira lehian, juniorrak eta kadeteak, eta kategoria txikiko probak jokatuko dira ondoren.
Sakanako XV. Haur Triatloian parte hartzeko aurretik izena emana beharra zegoen www.navarratriatlon.com web gunean eta atzo, ostegun gauean, bukatu zen epea. Erredakzioa ixterakoan 100 triatleta inguru zeuden izena emanda. Nolanahi ere, informaziorako Mank-eko Kirol Zerbitzura hots egin daiteke (948 464 866 telefonoa). Aurreko urtean 90 triatleta pasatxok hartu zuten parte. Tartean izanen dira Mank-eko Udako Triatloi Campusean dabiltzan sakandarrak.

Igeriketa probak Urdiaingo igerilekuan jokatuko dira, eta bizikleta probarako zirkuitu ederra prestatu dute Urdiaingo igerilekuetako bidetik abiatu eta Sarabe parajean barna. Korrika egiteko ere zirkuitua antolatu dute igerilekuetatik gertu. Triatletek derrigorrezkoa izanen dute kaskoa eta mendiko bizikleta erabiltzea. Aipatzekoa da probak irauten duen bitartean partaideek ezingo dutela kanpoko laguntzarik jaso. Proba gauzatzen den bitartean ibilbidea zaindua, markatua eta trafikoari itxita egonen da. Proba bukatzerakoan triatleta guztiei ogitartekoa eta zukua banatuko zaie.

Igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa uztartzen dituen kirol honetaz gozatzeko primerako aukera da biharkoa, ikuskizun polita baita. Jakina, Urdiaingo igerilekuko paraje bikainetaz gozatzea ere bada nahikoa sari, eta horregatik proba jarraitzera hurbiltzera animatu du Mank-ek.

Proben distantziak
Juniorrak (97-98): 10:00etan (405 m igeri (15 luze), 12 km bizikleta, 3 km korrika)
Kadeteak (99-01): 10:00etan (405 m igeri (15 luze), 12 km bizikleta, 3 km korrika)
Haurrak (02-03): 11:45ean (216 m igeri (8 luze), 6 km bizikleta, 1,5 km korrika)
Kimuak (04-05): 12:30ean (108 m igeri (4 luze), 3 km bizikleta, 750 m korrika)
Benjaminak (06-07): 13:15ean (54 m igeri (2 luze), 1,5 km bizikleta, 350 m korrika)
Aurre-benjaminak (08-12): 13:30ean (27 m igeri (luze 1), 1 km bizikleta, 200 m korrika)