Ume eta haurrak aingeruaren zaintzapean

Guaixe 2016ko uzt. 18a, 10:16

Ezohiko elizkizuna zela salatzen zuten aldian behingo negarrek eta batean eta bestean zeuden umeen gurdiak. Aralarko santutegia goraino bete zen, atzokoa haurrak Aralarko aingeruari aurkezteko eguna baitzen. Txikitatik santutegiarekiko lotura sustatu eta Aralarko aingeruak umeak zain ditzala eskatzeko eguna izan zen. Hori baita ekitaldia antolatzerakoan Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiaren asmoa.

Mikel Gartziandiak eman zuen mezaren akaberan hurbildu ziren aldare aurrera txikiak. Hainbat guraso edo aiton-amonen besoetan, haien eskutik beste asko. Aurrenekoz aingeruaren irudia gurtu zuten Mikel gurea kantua entzuten zen bitartean. Txikien txandaren ondoren santutegia bete zuten gainontzeko fededunak izan ziren gurtza egin zutenak. Izena aldez aurretik eman zuten 20 bat umeek atzo bertan jaso zuten aingeruaren lagun direla ziurtatzen duen pergaminoa. Atzoko elizkizunera zuzenean joan zirenek, txartela bete eta aste bat edo bi aste barru izanen dute pergaminoa santutegian eskura. Dagoeneko, milatik gora dira aingeruaren lagun txikiak. Hala egin nahi duenak heldu den urteko garilaren 23ra itxaron beharko du.