Urbasan autoetan lapurretak egiteagatik atxilotuta

Guaixe 2016ko uzt. 18a, 10:52

Autoetan lapurreta egiteko erabilitzen zituzten tresnak. Argazkia: Foruzaingoa.

Ubaban edo Iturriotzen autoak aparkatu eta Urbasaz gozatzera joandako pertsonen autoetan lapurretak egiten zituzten: balioko objektuak, boltsoak, dokumentazioa, motxilak, dirua, telefonoak edo argazki kamerak. Horretarako, autoko leihoa hausten zuten. Makina bat salaketa jaso dituzte horregatik poliziek. Foruzaingoak ere autoan balioko ezer ez uzteko gaztigatu zuen ere.

Lapurretekin bukatzeko zaintza berezia martxan jarri zuten eta bildutako informazioan oinarrituta Lizarrako kanping baten ondoan auto bat gelditu eta Foruzaingoak hiru gizon gipuzkoar atxilotu zituen. Hiruei lapurretan aritzeko tresneria atzeman zien. Urbasan eta Lizarraldeko turismo eta aisialdi guneetan egiten omen zituzten lapurretak. Foruzaingoak jakinarazi duenez, taldea ongi antolatuta zegoen: batek, prismatikoen laguntzaz, ingurua zaintzen zuen; bigarrenak hirugarrena babestu eta defendatzen zuen eta, azken horrek, leihoak hautsi eta lapurtzen zuen. Harrapatuak izanez gero piper-hauts spraya zuten.