Sakanako XV. Haur Triatloia, arrakastatsua

Kimuen mailan Sakana Triatloi Taldeko Nahia Imazek eta Hegoi Lakuntzak irabazi zuten

Eguraldi zoragarriarekin jokatu zen, larunbatean, Sakanako XV. Haur Triatloia. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu zuen proba, Sakanako Triatloi Taldearen, Urdiaingo Aitziber elkartearen, Urdiaingo Udalaren eta Nafarroako Triatloi Federazioaren laguntzarekin. Goizeko 10:00etan hasi zituzten probak kadete mailako triatletek eta segidan haurren, kimuen, benjaminen eta aurre-benjaminen proben txanda izan zen.

Lehenik eta behin, Urdiaingo igerilekuetan igeriketa segmentuari egin zioten aurre triatletek. Ondoren, igerilekuetan kokatutako boxean bizikleta hartu eta Urrizti, Sarabe eta San Pedro paraje ederretan barna aritu ziren pedalkadaka, boxetan bizikleta utzi eta azkeneko segmentuan paraje berberetatik barna korrika aritzeko. Bukaeran, merezitako ogitartekoa eta freskagarria jaso zuten guztiek.

120 partaide inguru aritu zirela adierazi digu Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak, Nafarroako hainbat klubetatik etorritakoak. “ Parte-hartze polita izan da, eguraldi zoragarria eta tokia… zer esan dezakegu? Ikusgarria!” aipatu du Gerrikagoitiak. Guztia ongi atera zela gaineratu du. “Igerilekuetan kortxerak jarri genituen hiru kale osatzeko. Oso giro ederrean gauzatu ziren kategoria guztietako probak eta oso kontentu gaude”.

Sakanako XV. Haur Triatloia Nafarroako Kirol Jolasetarako baliagarriak dira. Sakana Triatloi Taldeko triatletek eta Sakanako Triatloi Campusean aritu diren neska-mutikoek lan ederra egin zuten. Aipatzearren, kimuen mailan Sakan Taldeko Nahia Imazek eta Hegoi Lakuntzak irabazi zuten eta benjaminen mailan emakumezkoetan Ane Beltran de Heredia hirugarrena izan zen eta gizonezkoetan Ekain Imaz bigarrena eta Alain Razkin hirugarrena.

Sakanako Haur Triatloia Urdiainen antolatzen jarraitzeko asmoa dutela nabarmendu du Gerrikagoitiak, antolakuntzaren aldetik erraztasun asko dagoelako eta parajea zoragarria delako. “Bizikleta eta korrika probak egiteko errepidea ixterakoan ez dago arazorik. Alde horretatik toki segurua da. Eta horri ingurune ederra gehitzen badiozu toki oso aproposa da” azpimarratu du teknikariak.

Sakandarrak Sakanako XV. Triatloi Txapelketan
-Aurrebenjaminak (emakumeak)
1.Alaia Etxeberria (Aranguren): 6:03

-Aurrebenjaminak (gizonak)
1.Joritz Barberena (Erreka): 5:22

-Benjaminak (emakumeak)
1.Ane Arrosagarai (Aranguren): 7:52
3.Ane Beltran de Heredia (Sakana): 8:21
4.Ane Iturrioz (Sakana): 8:48

-Benjaminak (gizonak)
1.Julen Esparza (Tri-Ur Gazia): 7:10
2.Ekain Imaz (Sakana): 7:14
3.Alain Razkin (Sakana): 7:31
5.Jon Aierbe (Sakana): 8:17
7.Pablo Senosiain (Sakana): 8:50
11.Aitor Aldunate (Sakana): 9:27

-Kimuak (emakumeak)
1.Nahia Imaz (Sakana): 13:41

-Kimuak (gizonak)
1.Hegoi Lakuntza (Sakana): 13:12
15.Joseba Beltran de Heredia (Sakana): 15:32
18.Ibai Perez (Sakana): 15:41

-Haurrak (emakumeak)
1.Idoia Eraso (Aranguren): 27:24

-Haurrak (gizonak)
1.Gerardo Pascual (Atalaya): 24:18

-Kadeteak (emakumeak)
1.Carmen Riaño (Atalaya): 52:58

-Kadeteak (gizonak)
1.Francisco Sanz (Atalaya): 44:19