EITBko seinalea, bidean

Guaixe 2016ko uzt. 21a, 18:32

Ana Ollo eta Cristina Uriarte hitzarmena sinatzen.

Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoak EITB Nafarroan hartzeko hitzarmena sinatu dute.

“Nafarroako Gobernuak arlo teknikoan eta administratiboan bere lanak eginak ditu. Industria, Energia eta Turismo Ministerioari espektro irrati-elektrikoan espazio-erabilera zabaldu ahal izatea eskatu diogu. Erantzunaren zain gaude. Baina ministerioan lastailaz geroztik ez dago inor. Ez dugu norekin hitz egin”. Nafarroako Gobernutik eman dizkiguten azalpenak dira horiek.

Foru administraziotik jakinarazi digutenez, Nasertic enpresa publikoaren bidez proba teknikoak egin dituzte eta Nafarroako Gobernuaren nahia betetzea posible da: gaur egun lau telebista kate emititzen duten tokitik seik zabaltzea. “Jartzeko prest dago. Telebisten seinalea multiplexatu, konprimitu, eta emititzean ez da arazorik izan. Baimena besterik ez da falta”.

Gobernutik ere gaur egun emititzen duten telebista nafarrendako onura aipatu digute: “gaur egun multiplexa erabiltzen dutenen artean pagatu behar dute. EITB sartzen bada, hark ere pagatu beharko du eta gainontzekoek, ondorioz gutxiago pagatu beharko dute”. Nafarroatik proposatzen den konponbidea estatuko legedian jasoa dago. Ministerioaren baimena jasoz gero estatuan aukera hori baliatzen den aurreneko aldia izanen da. Erantzuna azkar eman dezake. Baina luzatzea ere aukera da. Bigarren multiplex bat eskatzea garestiagoa litzateke eta inork nahi ez duen konponbidea da. “Gainera, espazio erradioelektrikoaren zati gero eta handiagoa telefoniari eskaintzen zaio”.

Akordioa
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek EiTB Nafarroan hedatzeko hitzarmena sinatu zuten Iruñean ostiralean. Haren bidez, Lurreko Telebista Digital bidez EITB jasotzeko aukera bermatu nahi da.

Aldeek adierazi dutenez, EITBko edukiak epe laburrera transmititzeko dagoen aukerarik bideragarriena da tokiko LTDko plan tekniko nazionalak Nafarroari eman dizkion tokiko bost multiplexetan libre dauden kanalak erabiltzea. Hala, Iruñerrian ETB1 zabalduko da eta Tafalla, Lizarra, Zangoza eta Tuterako mugapenetan ETB1, ETB2 eta ETB3. Hala ere, Ollo kontseilariak  aditzera eman duenez, aukera hori ez da bateraezina Foru Exekutiboaren iritziz “aukerarik egokiena denarekin: autonomia-kanalak erabiltzea”. Horregatik jo dute ministerioaren atean. Aldi berean, nabarmendu du Nafarroako Gobernuarendako ez duela kostu gehigarririk izanen. Azpiwegituren erabileragatik EITBk Nasectic-i urtean 82.000 euro ordainduko dizkio.

Ollo kontseilariak nabarmendu duenez akordioak “nafar ugariren borondateari erantzuten dio, baita Foru Parlamentuaren gehiengoari eta udal askoren nahiari ere; izatez, udal askok behin baino gehiagotan eskatu diete aurreko gobernuei, eta gure gobernuari ere bai, EITB hartzeko baldintzak erraztea”. Gainera, hitzarmenak espresuki jasotzen du EITBk Nafarroarekiko hartu duen errespetu-konpromisoa, hau da, Nafarroako errealitate politikoa, soziala eta instituzionala eta Nafarroaren sinboloak eta nortasuna errespetatzeko konpromisoa.