Opor bikainak

kolaboratzaileak

Udako gauetan egotera bikaina. Belar lehorra eta txuletilla erreen usaina nahasten dira airean. Eztarria freskatzeko garagardoa eskuan dugula, lasaitasuna eta patxada. Oporraldietarako urruneko hondartza haiek aukeratu zituztenak han ibiliko dira bizkar erre gorritu eta eltxoengandik ihesi ezin egonean. Arratseko eguzkiak Beriaingo malkor zuriak gorritzen dituen bitartean, ilargi beteak irteten du maldaren atzetik. Beti dago norbait, soinean jertse bat behar duena eta gure gauen freskotasunaz kexu dena. Mediterraneo aldean dabiltzanek zer ez lukete emango freskotasun horregatik, gauez lo egiten uzten ez dien bero heze haren aldean. Aire egokituaz eztarria izorratu arte hoztu ondoren gogoratuko dira Aralar gainetik jaisten den haize finaz.

Konformatzen ez dena, ez duelako nahi. Beharrak eta kutixiak, bakoitzak ematen dien maila dute gure lehentasunetan. Itsasoa behar duenak, marmoken ziztada bera ere pasako luke hankak hondarretan sartuta olatuak sentitzen dituen bitartean. Mendi gainetan bere burua ikusi beharra duenari, aldapak eta minek ez diote bere helburutik aldenduko. Oporrak lanean pasako dituenik ere bada, oporrik ez duelako edo egur loteak eta baratzak prestatzen urteko estresak eta laneko errietak ahazteko hartzen dituelako. Gustuko aldapan nekerik ez. Bakoitza gustura den tokian eta konpainian, zoriontsu izateko ez du besterik behar. Oporretan ongi pasatu eta disfrutatu!