Sakantzen birpentsatu?

Erabiltzailearen aurpegia Sakantzen Sarea 2016ko uzt. 22a, 08:03

kolaboratzaileak

Sakantzen Sareak zein etorkizun izan behar duen pentsatzeko unea iritsi dela uste dugu. Zer egin Sakantzenekin? Birformulatu, berrindartu, erreleboa bilatu, itxi? Lau urtetako ibilbidea oparoa gure bailaran eraiki den garapen estrategiaren paraleloa izan da. 2012ko ekainean sortu zen norbanako anitzaz osoturiko sare horizontal gisa. Helburua, enpleguari begira batez ere, egitasmo berriak sustatuko zituen ekintzailetza kolektiborako plataforma izatea zen, hau da, pertsonen gogoak eta esperientziak ehundu, jarduera ekonomiko berriak sortzeko edo kitzikatzeko.

Era desinteresatuan hamaika lagunek hainbat egitasmo bultzatu dituzte. Horien artean, garapen esperientzia arrakastatsuak ezagutarazteko jardunaldiak; lanerako sei topaketa irekiak, non ekintzaileen esperientzia ugari ezagutu ahal izan dugun eta egitasmoetarako eta harremanetarako aukerak ireki diren; lau enpresa-proiektu; udako ikastaroak hainbat urtetan; Sakana herri gehienetan aldibereko ideia burrunba; aholkularitza zerbitzuak; garatu gabe geratu diren hainbat ideia –Sakanako Ezagutzaren Gizarte-Funtsa, inkubadura kooperatiboa…–; Sakana 2020 Plan Estrategikoa dinamizatu zuen Sak-In Kontsulting kooperatiba; Behatoki Sozioekonomikoan eta Utzuganen beste eragile batzuekin –Sakanako Garapen Agentzia, Cederna-Garalur, AES, Enneco, Mankomunitatea…– izandako elkarlana, besteak beste. Harro egoteko moduko ibilbidea.

Lan hau guztia boluntarioen esfortzuaren bidez egin da. Sakantzen Sareak ez du inoiz egitura egonkorrik izan. Deitzen genituen bilera irekietara hurbiltzen ginenon artean egin dugu. Eta funtzionatzeko molde honek, egin genitzaken akatsei gehituta, etapa bat agortu egin du. Urte bete igaro dugu lozorroan, nekeak eraginda eta pertsona batzuek beste zeregin batzuetan zentratu behar izan direlako.

Egoera hau luzaroan ez mantentzearren Sare honen etorkizuna hausnartzeko tarte bat irekitzea erabaki dugu. Horretan laguntzeko zuen iritzia bidaltzera animatzen zaituztegu, sakantzensarea@gmail.com helbidera. Komentatu iezaguzue nolakoa iruditu zaizuen ibilbidea, zuen ustez zein akats izan ditugun eta nola hobetu dezakegun, Sakantzen-ek aurrera jarraitu behar duen edo amaitu behar duen… Bihotzez eskertuko dugu zuen iritzia. Irailaren amaieran edo urriaren hasieran batzar irekia ospatuko dugu, eta bertan erabakiko dugu zer egin, bertan ikusiko dugu ea arnas berria emango dion pertsona taldea badagoen ala ez. Eskerrik asko