Kontzientzia sortzen

Sakanako prebentzio programak 2016ko uzt. 22a, 08:04

kolaboratzaileak

Gure zonaldean ohikoa da udaletxeek herritarrei auzateak, zilarreko tazak, barkilloak eta horrelakoak ospakizunetan eskaintzea. Horrelako gertaerak momentu atseginak izaten dira, denbora librea eta ospakizunekin erlazionatuak daudenak.

Gertakizun hauetan, prebentzio programetatik garrantzi handia ematen diogun xehetasun bat ere badago: ardoa edo beste edari alkoholdunak eskaintzen diren ospakizunetan alkoholik gabeko edariren bat ere eskaintzea, hain zuzen ere. Urteak dira udalei proposamen hau luzatu geniela eta luzatzen jarraitzen dugula. Eta badira ere proposamen hau kontutan hartu eta mostoa, ura edo freskagarriak ere eskaintzen duten udalak. Zonaldeko udal gehienak direla esan genezake, eta eskertzeko jarrera dela uste dugu. Bide batez, hemendik animatzen dugu hala egiten ez duen udalak egitera.

Eskertzen den ekimena da hau, guri behintzat horrela jakinarazi digu jende askok, eta horretaz gain, ekimen honekin beste helburu batzuk bultzatzen dira:

  • Beste aukera bat ematearena, alkohola nahi ez duen edo edan ezin duen pertsonentzat. Beste erara pertsona hauek festatik kanpo geratzen baitira moduren batean.
  • Erakunde bezala ere eredu izan behar delako, gaztetxoengan batez ere, ikusle egoten direnak, dibertsio momentuak bakarrik alkoholarekin lotuta daudela barneratu ez dezaten. Beste modu, aukera eta errealitate batzuk ere badaudela ikus dezaten.

Bestalde, gure udalek drogamenpekotasunen prebentzioaren aldeko apustua egiten ari dira. Beraz, ospakizunetan alkoholdun edariak soilik eskaintzea ez litzateke oso koherentea izango. Beraz, alkoholik gabeko edariei ere bere tokia eta presentzia ematea, koherentziarekin jokatzeko beste modu bat da.

Honen guztiaren helburua ez da alkoholaren kontrako kanpaina bat bideratzea. Ekimen honekin ez dugu uste mozkorraldiekin bukatuko denik ere. Aukera ezberdinak bultzatu eta alkoholaren normalkuntzarekin bukatu nahi da, besteak beste, ez duelako jende guztiak edaten. Aprobetxatuko dugu, gehiengoak alkoholaren erabilera arduratsua egiten duela esateko.

Xehetasun batekin bukatuko dugu. “Alkohola da arazo gehien sortzen duen droga, hain zuzen ere, gehien kontsumitzen den droga delako”.