Argindar mozketa txikien kontrako plana

Guaixe 2016ko uzt. 24a, 12:19

Sakanako Enpresarien Elkarteak Manu Aerdi lehendakari-ordeari jakinarazitako kexetako bat da argindar horniduraren mozketa txikiena.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (NEK) eta Iberdrolak elkarlan hitzarmena sinatu dute. Haren helburua da enpresen argindar horniduran mozketa laburrak eragoztea eta haiek ekoizpen prozesuetan dituzten eraginak murriztea. Akordioa Ekonomia Garapenerako lehendakari orde Manu Aierdik, NEK-eko presidente Jose Antonio Sarriak eta Iberdrolako Nafarroako banaketa buru Eduardo Ryanek sinatu dute. Guztia behar bezala egiten dela zehazteko jarraipen batzordea eratu dute.

Adostutakoaren arabera Iberdrolak Industria, Energia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiari goi eta tentsio ertaineko lineetan egindako lanen berri eman beharko dio urtero. Bestalde, NEK-ekin koordinatuta, Iberdrolak hainbat eskualdetan jardunaldiak antolatuko ditu, horietako bat Sakanan. Saio horiek elektrizitateko mantenu lanez arduratzen diren langileei, instalazio enpresei, ingeniaritzei eta abarri zuzenduta egonen dira. Haietan argindar mozketa laburren zergatia azaldu eta instalazioak babesteko modu egokiak zein diren azalduko dira. Iberdrola, aldi berean, aholkularitza behar duten enpresak bisitatzeko konpromisoa hartu du.

Zergatiak eta ondorioak
Enpresek jasaten dituzten argindar mozketa txikiak hainbat arrazoirengatik sortzen dira: atmosferako fenomenoengatik, hegaztiengatik, banaketa sarean izandako matxurengatik, partikularren eta beste batzuen azpiegituretan dauden matxurengatik… Horregatik, ia ezinezkoa da guztiz ezabatzea. Legediaren arabera haiek murrizteko ardura banaketa enpresena, bezeroena eta ekipo hartzaileen ekoizleena da. Enpresak gero eta automatizatuagoak daude eta horretarako kontrol sistema elektronikoak ezarri dituzte. Argindar mozketen eragina handiagoa izan dezakete babes egokirik ez badute.