Erbitiren eta Arrietaren Movistar Team, Tourreko talde onena

Guaixe 2016ko uzt. 25a, 08:59

Tourra bukatuta, Donostiako Klasikoan aritu eta Rioko bidea hartuko du Erbitik

Despeditu da 103. Frantziako Tourra. Sky taldeko Chris Froome izan da irabazlea, merezimendu osoz (89:04:48). Bera eta Sky, bere taldeak, sekulako lana egin dute Tourra irabazteko. Froomek tropeleko gizon indartsuena dela erakutsi du behin eta berriz eta bere hirugarren Tourra irabazi du. Jakina, bere taldekideei esker, Mikel Nieve tartean, primeran babestuta egon da britaniarra. Froomek 4:05 atera dio AG2R taldeko Romain Bardet frantziarrari eta 4:21 Movistar Team taldeko Nairo Quintana kolonbiarrari.

Movistar Team taldeak jaso du Frantziako Tourreko talde onenaren saria. Jose Luis Arrieta uharte arakildarrak eta Chente Garcia Acostak zuzendutako taldea Eliseo zelaietako podiumera igo ziren, txirrindulari guztiekin batera. Quintana eta Valverde liderrekin batera zegoen Hiriberriko Imanol Erbiti eta taldeko beste txirrindulariak. Erbitik, atzera ere, primerako talde lana egin du eta 108.a sailkatu da, 3:46:42ra. Nahiz eta Nairo Quintanarekin Tourreko garaipena ez lortu, talde nafarra kontentu dago lortutakoarekin: Quintanaren 3. Postua, Valverderen 6. postua, larunbateko Ion Izagirreren garaipena Morzinen eta talde onenaren saria. “Taldeko garaipena merezitakoa da: taldekideak egunero borrokatu dute gauzak ongi egiteko eta podiumak hori erakusten du” adierazi du Nairo Quintanak.

Bestalde, aipatzekoa da Egoi Martinez txirrindulari ohi etxarriarra Frantziako Tourrean ibili dela, enpresa baten erlazio publiko gisa.

Donostia eta Olinpiadak
Espainiako selekzioko Javier Minguez selekzionatzaileak Imanol Erbiti, Ion Izagirre eta Jonathan Castroviejo txirrindulariak hautatu ditu Alejandro Valverde eta Joaquim “Purito” Rodriguez liderren aldeko talde lanak egiteko hastear dauden Olinpiadetarako. Boskoteak larunbatean, garilaren 30ean, Donostiako Klasikoan parte hartuko du eta hurrengo egunean hartuko du Rio de Janeiroko bidea. Erbitik “sorpresarekin eta poztasun handiarekin” hartu du Olinpiadetan parte hartzeko deialdia, eta gaineratu duenez, Olinpiadetan parte hartzearekin “oso emozionatuta” dago, “kirolari batendako zitarik garrantzitsuenetakoak baitira Olinpiadak”. Hiriberriko txirrindulariak uste du beraiena “garaipenagatik borrokatzeko talde garrantzitsuenetako bat” izango dela.