EHko herrien arteko txapela Bakaikoarendako eta Gorritirendako

Guaixe 2016ko uzt. 25a, 11:00

Doneztebeko Erreka taldeak denboraldi bikainari ginda jarri zion larunbatean, Azpeitiari 2 eta 1 irabazi eta gero. Bikain aritu ziren Donezteben dabiltzan Bakaikoa eta Gorriti sakandarrak

Urte borobila izan da hau Doneztebeko Erreka klubarendako. Berria Torneoa eta Nafarroako Herrien Arteko Txapelketa irabazi ondoren, larunbatean Euskal Herriko Herrien Arteko Txapelketa irabazi zuten. Ikusgarria. Egungo klub onenetakoa da Doneztebekoa. Eta horretan zeresan asko dute Joanes Bakaikoa etxarriarrak, Jon Gorriti uhartearrak eta egun Garfen dabilen baina duela gutxira arte Errekako taldekide izan den Adur Lasa etxarriarrak.

Larunbatean, Euskal Herriko Herrien Arteko finala jokatu zuen Doneztebek Azpeitiaren kontra. Hiru partida zeuden jokoan, eta kadeteetan Azpeitiak irabazi zion Errekari, 22 eta 18. Hortaz, txapelketa irabazteko jubenilen eta nagusien partida irabaztera derrigortua zegoen Doneztebe. Jubeniletan Doneztebeko Salaberriak eta Mariezkurrenak 8 tantotan utzi zituzten Unanue eta Alberdi. Hortaz, berdindu zuen Errekak eta nagusien partidan erabaki zen txapela.

Bakaikoak eta Gorritik erabaki zuten
Nagusien mailan, Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Jon Gorriti uhartearrak ordezkatu zuten Doneztebe, eta Etxaniz eta Murgiondo izan ziren Azpeitiko ordezkariak. Partida oso lehiatua izan zen, oso gogorra, hasieran bereziki. Bi bikoak parez pare aritu ziren Bakaikoa eta Gorriti 9 eta 13 aurreratu zirenera arte. Ondoren, Doneztebe nagusitu zen. Azpeitiko Murgiondori nekea antzematen hasi zitzaion. Gorriti, aldiz, nagusi zen atzeko koadroetan eta horrek Bakaikoari lasaitasuna eman zion, erremate ikusgarriekin aldea ateratzen hasteko. Horrela, 9 eta 20 aurreratu ziren sakandarrak, eta, azkenean, 10 eta 22 gailendu ziren, garaipena eta Donezteberendako txapela lortuaz. Denboraldiari ginda jarri zioten sakandarrek, Doneztebek Berria Torneoa, Nafarroako Herrien Arteko Txapelketa eta Euskal Herriko Herrien Artekoa lortu baitu. Kontuan hartzeko moduko pilotariak direla erakusten ari dira Errekako sakandarrak.