Txumaren Nazioarteko Hiru Egunak: Ailetz Lasa eta Iosu Etxeberria bikain

Guaixe 2016ko uzt. 26a, 10:24

Ailetz Lasa hirugarrena sailkatu zen, probako lehen euskalduna eta Iosu Etxeberria zortzigarrena sailkatu zen,mendiko sailkapena irabazi zuen eta lehen etapa irabazi zuen

Burunda klubeko Ailetz Lasa ziordiarra eta Aralar klubeko Iosu Etxeberria iturmendiarrak kadeteen mailako Txumaren Nazioarteko Hiru Egunak lasterketan parte hartu dute, Nafarroako selekzioak deituta. Bizkaian jokatutako nazioarte mailako probak hiru etapa zituen eta Nafarroako selekzioarekin aritu diren bi sakandarrek primerako lana egin dute.

Gauzak bikain hasi ziren, ostiraleko Berangoko etapa (63 km) Iosu Etxeberriak irabazi baitzuen (1:28:24). Ailetz Lasa ere ongi aritu zen eta 15.a iritsi zen helmugara. Bigarren etapan, Berangon (57 km), Koryo Car Hyundai taldeko Maties Gornals gailendu zen eta bera jarri zen liderra. Ailetz Lasa 16.a iritsi zen helmugara eta Josu Etxeberria 27.a. Eta hirugarren eta azken etapan, Erandion (62 km), Zafiro Cycling Team taldeko Joan C. Ferren gailendu zen (1:27:03). Ailetz Lasak proba bikaina egin zuen eta hirugarrena sartu zen, 4 segundora, eta Josu Etxeberria 15.a sartu zen, 29 segundora.

Horrela, sailkapen orokorra kontuan hartuta Zafiroko Joan C. Ferrerrek irabazi ditu Txumaren Nazioarteko Hiru Egunak. Ailetz Lasa podiumera igo zen, hirugarrena sailkatu baitzen, 26 segundora, eta bera izan da probako lehen euskalduna. Josu Etxeberria 8.a sailkatu zen, 38 segundora, eta lehendabiziko etapa irabazteaz gain, Mendiko maillota irabazi zuen iturmendiarrak. Taldekakoan, Nafarroako selekzioa laugarrena sailkatu zen. Hortaz, nazioarte mailan primeran moldatu dira gure txirrindulariak eta Top 10ean sailkatu dira.


Mateo Gonzalez garaile El Royon
Burunda Txirrindularitza Taldeko kadeteen mailako Mateo Gonzalezek eta Marcos Pisonek lasterketa izan zuten Sorian, El Royon. Gonzalezek irabazi zuen proba eta Pison bigarrena izan zen.

Maiza 14.a Zumaian
Junior mailako txirrindulariak larunbatean Zumaian lehiatu ziren. Burundako Quesos Albeniz taldeko Xabier Maiza 14.a sailkatu zen eta bere taldekide Hodei Zia 57.a.

Txikienak Olaztin
Olaztiko festetan kategoria txikiko neska-mutikoen txirrindularitza lasterketak jokatu ziren larunbatean. Ilun bazegoen ere, euriak errespetatu egin zuen eta probak inolako arazorik gabe burutu ahal izan ziren. 110 txirrindulari lehiatu ziren guztira.