Ezkurdia eta Zabaleta, elkarren kontra Andra Mari Zuriaren Torneoan

Guaixe 2016ko uzt. 28a, 11:09

Arbizuarrak Rezustarekin osatuko du bikota eta etxarrendarrak Altuna III.arekin

Aspek eta Asegarcek aurreko asteartean aurkeztu zuten Gasteizko Andra Mari Zuriaren Torneoa. Agorrilaren 4tik 8ra jokatuko da aipatu Torneoa eta enpresa bakoitzak bi bikote aurkeztuko ditu. Aspen, Joseba Ezkurdiak Rezustarekin osatuko du bikoa, eta Jose Javier Zabaletak Altuna III.arekin. Asegarcetik Olaizola II.a-Untoria eta Artola-Albisu bikoak aukeratu dituzte. Bestalde, ardoaren desafioaren barruan buruz buruko errebantxa jokatuko dute Irribarriak eta Urrutikoetxeak.

Aspeko bikoen arteko lehia agorrilaren 6an, larunbatean izanen da, 18:00etan hasiko den jaialdiaren barruan. Ezkurdia-Rezusta edo Altuna III.a-Zabaleta, sailkatuko dira agorrilaren 8an jokatuko den final handirako. Olaizola II.a-Untoria edo Artola-Albisu izanen dituzte aurkari.

Bestalde, Juan Martinez de Irujoren baja betetzeko, belaunaldi berriko pilotariak lan eta lan dabiltza Aspen. Hori da, esaterako, Ezkurdia eta Zabaletaren kasua. Irribarria, Rezusta eta Altuna III.arekin batera, galtzak bete lan izanen dituzte aurtengo herrietako jaialdi eta torneoetan.