II. Gazteria Planaren zirriborroa jendaurrean

Guaixe 2016ko uzt. 26a, 17:11

Prozesu parte-hartzaileak irailean eta lastailean izanen du segida eta Eskualdeko Foroetako bat  Irurtzunen eginen da. Han gazte sakandarrek zirriborroaz iritzia emateko eta ekarpenak egiteko aukera izanen dute

2017-2019ko II. Gazteria Planaren lanketaren lehen fasean sortutako zirriborroa dagoeneko jendaurrean dago. Lehen testu hau egiteko 3.182 gazteren iritzia jaso da inkesten bitartez eta zirriborroan 150 ekintza jaso zituen. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Ruben Goñik eta Gazteriako zuzendariorde Adela Gonzalezek jakinarazi dutenez, lau ardatzetan antolatu dira ekintza horiek: emantzipazioa (enplegua, etxebizitza, hezkuntza), banakako prozesua (osasuna, kultura eta kirola), sozializazio-prozesua (partaidetza, bizikidetza, aisia eta astialdia eta mugikortasuna) eta banakako eta taldekako identitatea garatzea (aniztasuna, gizarteratzea, berdintasuna eta lurralde-garapena).