Ibarra hiru egunez gurdi bide

Guaixe 2016ko uzt. 28a, 17:35

Gurdi bidea ekimena Albaola itsas faktorian aurkeztu dute gaur.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan Itsasgileak programa garatzen ari dira. Horren barruan Burgos eta Pasaia 18 etapetan lotuko dituzte. Albaola Itsas Kultur Faktoriak eta Quintanar de la Sierrako Cabaña Real de Carreterosek Demandako mendizerrako behiez eta idiz osatutako hiru gurdirekin eginen dute bidea. Haietan Albaola itsas faktoriara Quintanar de la Sierran artisauki egindako bikea eta alkitrana eramanen dute. Material horiek San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntzan erabiliko dituzte.

Gurdi bideak Sakana hiru egunetan zeharkatuko du. 11. etapan Egilaztik Altsasura arteko bidea eginen dute irailaren 10ean, larunbatean (16 km). 12. etapa Altsasu eta Uharte Arakil artekoa izanen da, irailaren 11n, igandean (22,4 km). 13. etapan Uharte Arakil eta Irurtzun arteko bidean emanen dute, irailaren 12an, astelehenean (15,4 km). Hurrengo egunean Irurtzundik Lekunberri alderantz abiatuko dira. Informazio guztia www.gurdibidea.com web gunean dago.

Aurkezpena
Gurdi Bidearen aurkezpenean adierazi dutenez, “gizarte eta kultur arteko proiektua da, jendarte guztiari zabalik baitago. Aldi berean, hainbat erakunderen, enpresaren, elkarteren eta pertsonaren parte-hartzea sustatu nahi du”. Ibilbidean barrena eskualde bakoitzeko turismo, kultura, arte eta bestelako baliabideei balioa eman nahi zaie. Horrekin batera garai batean mandazainek izan zuten garrantzia nabarmenduko dute. Hori baliatuz eskualde eta kulturen arteko erlazioak berreskuratu nahi dira.

Aurkezpenean hainbat erakundetako ordezkariak izan dira, tartean Nafarroako Turismo eta Merkataritza zuzendari nagusi Maitena Ezkutari. Ekimenari laguntza eman dioten erakundeen artean Sakanako udal eta kontzejuak, Sakanako Garapen Agentzia eta Plazaola turismo partzuergoa daude.