Ebatzi gabeko matematika-eragiketa

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2016ko uzt. 29a, 08:02

kolaboratzaileak

Aurreko batean, aurkezpen interesgarri bat entzuteko aukera izan nuen, hain zuzen ere, Ana izeneko aditu batek Copernicus lurra behatzeko Europako satelite-sarearen azpiegituraren egitasmoaz hitz egin zuen. Satelite horien kamera, radar eta sentsoreen bidez, bost egunero, lurraren, airearen eta itsasoaren kolorearen, berotasunaren eta altueraren gaineko informazio xehea eskuratzerik izanen da. Hartara, landarediaren zikloen, kutsaduraren, uholdeen, elurteen, eta abar luze bati buruzko informazioa izanen dugu, 20 cm-ko bereizmeneko irudiak barne. Alabaina, Anak argiro azaldu zuenez, lilura sortzen digun teknologiaren atzean, nagusiki, xede militarra omen dago; guztion zergen bidez finantzatzen dena, jakina. Geroxeago, irratian, elkarrizketa bitxia entzun nuen, zehazki, Mariajexux izeneko emakume bati egina, nazioarteko matematikarien kontseilu bateko lehendakari izendatu zutelako. Hark, era xumean bezain argian, matematikak gizartearen edozein arlori egiten dizkion ekarpen garrantzitsuak aipatu zituen, esaterako by-passen diseinurako, odolaren mugimenduaren eta presioaren aldaeren eredua zehaztuz, edo ehun edo oihal berriak sortzeko, lehengaien tasunen eta atomoen adierazpenak taxutuz. Laburbilduz, zenbakiak eta testuak baliatuz, edozein aurrerapen teknologikorako eta adierazpen zientifikorako matematika ezinbestekoa da.Bi ideia horiek buruan dantzan nenbilela, halakoxe burubidea otu zitzaidan, ea Mariajexuxek matematika algoritmo bat garatzerik izanen ote lukeen Copernicus bezalako proiektuetan helburu militarrera bideratzen den dirutza hori munduko gizateriaren premiarik larrienak konpontzera bidera dadin.