80 urte bete dira Espainian gerra zibila hasi zela. Gerrate guztiek ondorio latzak dituzte gizartean, beti. Carlos Gimenez 1941. urtean jaio zen. Komikigile honek goizter galdu zituen gurasoak arrazoi ezberdinak direla eta. Umezurtz-etxe ezberdinetan bizi izan zen 5 urte zituenetik 13 urte bete arte, nahiz eta, noizean behin, familia batek ere etxean jaso. Garai hartan Juan Garcia Iranzo-ren El Cachorro komikia ezagutu eta zaletasuna sortu zitzaion komikien inguruan.
Sarrera honen ondoren errazago ulertzen da Carlos Gimenezek umezurztegien giroa horren ondo deskribatzea. Nire oso gustukoa den Paracuellos komikian, toki hauetako bat fikzio moduan azaltzen da. Kontakizun motz ezberdinen bitartez, zenbait adingabekoen haurtzaroa nolakoa izan zen azaltzen saiatzen da Carlos, ziurrenik berak bizi izan zituen zenbait anekdotaz zipriztinduta, nahiz obra autobiografikoa ez izan.
Pertsonaiak guztiz estereotipatuak agertzen dira. Hala ere, asmatutakoak direnik ezin dut sinistu. Badira bi gauza istorio gehienetan, haur baten ikuspuntutik beti, egileak lehenengo pertsonan guri hitz egiten digula pentsatzeko nahikoak direnak. Kontakizun gordinak dira, baina bakun eta sinesgarriak. Bestalde, beti agertzen da nolabaiteko xamurtasuna orrialde guztietan, nostalgiaz beteriko memoriak bailitzan.
Lehenengo aldiz irakurri nuenean, irakurketak guztiz bahitu ninduen. Liburuaren erdialdera, gogoan dut, nola bi haurrek beraien askaria (ogi koskor bat), ohe azpian gordetzen duten bi aste betez. Beste aste bat pasata, dena batera jan ondoren sentituko duten betekada irudikatzen dute arratsaldero, ogia ezkutatzen dutenean. Irakurleak haurren ilusioa sentitzen du irakurtzen duen heinean. Eta azkenean, apezak ogia aurkitu, eta zaplastako mordoa eman ondoren, zenbait egunetarako askaltzea debekatzen die, eta egunero tripazorriak jota ikusten dute haien lagunek nola jaten duten beraien askaria.
Baditu beste liburu asko argitaratuta ere. Bai gerra zibilaren inguruan –Malos tiempos, 36-39–, edo besterik gabe, gizarteari buruz. Hauen artean Barrio ere oso gomendagarria. Bertan, haurtzaindegitik atera ondoren gerra ostean bizi izan zuen giroa deskribatzen da, auzo pobre batean.
Malos tiempos 36-39, setiatuta zegoen Madril hiriburuan gertaturiko istorioak biltzen ditu gerra zibila bitartean. Zenbait, benetakoak –berari zuzenean kontaturiko anekdotak– eta zenbait eraldatutakoak. Eta Paracuellos komikiaren ideia berdina jarraituz, hiriburuaren deskribapen pseudo-dokumentala egiten du, kontakizun laburrez baliatuta. Egia da alderdi errepublikarrarekiko joera adierazi duela; baina, hala ere, zenbaitetan salatzen ditu komikian ere soldadu errepublikarren ekintzak. Esan bezala, guda batean, gizartea da beti galtzailea.
Ez da bere lana gomendatzen dudan lehenengo aldia, baina oraindik ezagutzen ez baduzu, ez galdu aukera eta bilatu hauetako komikiren bat udan irakurtzeko.