Minari modu askotara egiten ahal zaio aurre

Maialen Huarte Arano 2016ko uzt. 29a, 08:15

Olga Martinez de Lagran, psikologian doktorearekin elkarrizketan.

kolaboratzaileak

1. Ikastaroa emanen duzu Nafarroako unibertsitateen udako ikastaroen baitan.

Norberaren burua zaindu hobeki zaintzeko: min kronikoa duen gaixoaren aurrean erantzun emozionalen kontrola izeneko ikastaroa izanen da. Minari nola aurre egin eta eritasun kronikoa duten herritarrekin gaixotasuna nola landu aztertuko dugu.

2. Minari nola egiten ahal zaio aurre?

Modu askotara. Min kronikoari buruzko ikuspegi zabala eskainiko dut ikastaroan. Hau da, eritasun asko daude eta min kroniko ugari. Horiek tratatzeko modu desberdinak aztertu eta norberak duen min hori nola arindu, egunerokoan nola aurre egin eta eritasuna nola txikitu aztertuko dugu.

3. Min kronikoa duten gaixoei zuzenduta dago ikastaroa?

Osasun arloko profesionalei eta eritasunen bat duten horiei zuzendutakoa dela esanen nuke. Bai batzuek eta besteek izanen dute zer ikasia eta zer hausnartua lau eguneko ikastaroan. Min kroniko horretan emozioek zer nolako jokaera duten, zer nolako eragina duten aztertuko dugu.

4. Emozioek zertan handitu dezakete mina edo nola gutxitu dezakete?

Eragin handia du min kronikoa duen pertsonak bere sentimenduak edo emozioak nola kudeatzen dituen. Gai ote den emozio horiek kontrolatzeko. Adibide argigarri batekin hobeki uler daiteke: eritasunen bat duen pertsona, etengabe ari bada pentsatzen zenbateko mina duen, betirako izanen duen mina izanen da... alegia, ezkor jokatzen badu gaixotasun horren aurrean, frustrazioa, estutasuna, tristezia izanen ditu egunerokoan. Horrek arazoa edo oztopoa ekidin beharrean hazi eginen du. Aldiz, min horretan fokatu beharrean norberaren pentsamendua, aurre egiteko ekintzak gauzatuz edo pentsamendu positiboak gailenduz, burmuina ez da etengabe minaren pentsamenduetan murgilduta izanen eta, horregatik, nolabait, txikitu eginen da min hori.

5. Min kroniko horiek pairatzen dituztenek mediku ugariren eskuetatik pasatzen bukatzen dute. Bestelako soluzioa izan daiteke emozioak kontrolatzearena?

Ohiko medikuntzak eskaintzen duenaren osagarria da emozioak kontrolatzea mina kontrolatu ahal izateko. Eritasun horren atzean zer dagoen aztertuko balute askok, agian, irtenbidea errazago izanen lukete. Askotan, min horren atzean iraganean izandako zerbait dago, eta ezagututa min horren zergatia errazagoa da mina bideratzeko irtenbideak bilatzea.

6. Emozioek, hortaz, tarte handia izanen dute ikastaroan?

Bai, lau ardatz izanen ditu ikastaroak. Alde batetik, jendeak ulertu behar du zer den mina bera, nondik datorren mina eta zerk sortzen duen; bigarrenik, eritasuna duen horri informazioa eman behar zaio, boterea berreskuratu behar du eta ulertu behar du zer den gertatzen zaiona, norberak bere burua ezagutua behar du; hirugarrenik, min horren atzean zer dagoen jakitearen garrantzia aztertuko dugu eta, laugarrenik, behin ezagututa zerk sortzen duen min hori, horri nola aurre egin ere ikasiko dugu.

7. Eremu ugari jorratuko dituzue, ikastarora doanak zer ikasiko du?

Min kronikoa baretzeko bakoitzaren esku dauden mekanismo errazak. Hasteko, arnasketa ariketak egiten ikastea, bestetik, emozioak kontrolatzeko moduak eta, azkenik, burmuinak min kroniko horretan duen jarrera zer nolakoa den jakitea.

8. Informazioa behar du gaixoak. Hala diozu. Ez du nahikorik jasotzen?

Askotan, medikuek gaixotasun bat duzula esaten dizutenean, azaleko datu batzuk baino ez dizkizu ematen, jakina, betiere medikuaren arabera. Eta datu bakan horiekin geratzen da gaixoa, ia galderarik egin gabe eta medikuak ematen dizkion pilula edo hobekuntzarako metodoak besterik gabe onartuz eta eginez.

9. Zertarako beharko luke gaixo batek datu gehiago?

Gaixotasuna norberak pairatzen badu, beharrezkoa da horren inguruko ahalik eta informaziorik handiena izatea, eritasuna bera ezagutzeko, norberaren gorputzari nola eragin diezaiokeen jakiteko eta ahalik eta ondoriorik txikienak izateko irtenbideak bilatzeko, adibidez. Duzun eritasun horren kontziente izanda, era kontziente batean emanen zaio erantzuna.

10. Emozioak eta mina. Gizartean barneratuago izan beharko genuke zerikusi handia dutela?

Erlazio zuzena dagoela jakin beharko genuke. Emozioak kontrolatuz, nahiz erabat ezingo dugun baztertu mina, kontrolatzen jakinen dugu. Emozio ezkorrik gabe, hobeki eginen zaio aurre eta min horretan atentzio guztia finkatu gabe ere txikitu eginen da min sentsazioa.

11. Irailean izanen da ikastaroa Iruñean.

Kondestablearen Jauregian izanen da ikastaroa irailaren 5etatik 10era arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. Izena eman behar da, 20 plaza baino ez daudelako.