Argi dago, euskaltegi garaia da

Guaixe 2016ko ira. 2a, 08:43

“Zer den uda akaberarekin batera etortzen dena? Argi dago, euskaltegi garaia!” Horixe telebistako galde erantzunen lehiaketa batean eman daitekeen elkarrizketa da. Eta, hain zuzen, Nafarroako udal eta toki entitateetako euskara zerbitzuek, Sakanako Mankomunitatearena barne, horixe, telebista lehiaketa bat du euskarri nagusia. Hartan parte hartzen dutenek hitz batzuk asmatu beharko dituzte.  

Euskara zerbitzuen kanpainaren leloa Argi dago da. Eta zer dago argi? “Euskarak lotura estua duela honako hitzekin: gozamena, hurbiltasuna, praktikotasuna, transmisioa, balioa, sozializazioa. Hitz horiek guztiak esaldi berean elkartuta, euskararen definizio hau osatu dezakegu: Euskara balioez zein onurez beteta dagoen zerbait da, hurbila, gozoa eta praktikoa; haurtzaroan —transmisioaren bidez— edo helduaroan jasotzen da; konplizitateak, emozioak eta sentimendu positiboak eragiten ditu; eta, erabiliz gero, aukera ematen digu gozamena eta poza sentitzeko eta gure sozializazioa errazteko."

Kanpainarekin hainbat gauza gogorarazi nahi digute “euskara ingurune hurbilenean daukagu; jende askorendako komunikatzeko, afektibitatea adierazteko, harremanak izateko eta gozatzeko bidea da; hiztunen komunitate dinamikoa, aktiboa eta dibertigarria egituratzen du; gure seme-alabei transmititzen ahal diegun ondarea da; eta balio erantsi handia du lan esparruan”.

Aldi berean, euskara zerbitzuetatik gogorarazi dutenez, “pertsonaren sozializazioa ez da lehendabiziko urteetan bukatzen, aitzitik, bizitza osoa barne hartzen duen prozesua da. Horregatik, hain zuzen, euskarak balio handia du aukerez beteta dagoen egungo gizarte dinamiko eta aldakor honetan. Euskara belaunaldi eta adinen arteko zubia da jada, eta, beraz,  ikasteak onura ugari ekarriko dizkigu”.

Matrikulazioa eta diru-laguntza
Euskaltegiek ireki dute 2016-2017 ikasturteko matrikula epea. Sakanako AEK-ren Itsasi euskaltegian izena emateko azken eguna irailaren 23a izanen da. Klaseak irailaren 26an hasiko dira.  Informazio gehiago nahi duenak AEK-ren Itsasi euskaltegiaren egoitzatik pasa (Gartzia Ximenez, 46. Altsasu), edo 948 468 258 telefonora hots egin edo sakana@aek.eus e-postara idatzi dezakete.

Mank-eko euskara zerbitzuak gogorarazi du euskara ikasleendako diru-laguntza deialdia egiten duela urtero. Eskaeren arabera, ikasleen matrikularen gutxi gorabehera erdia pagatzen du Mank-ek. Aurreko ikasturtean 95 sakandarrek jaso zuten diru-laguntza. Horri buruzko informazioa euskara zerbitzuan jaso daiteke: 948 464 840/948 464 867 edo euskara@sakana-mank.eus.

www.elaide.eus
Web orrian kanpainako bideo dibertigarria eta bestelako materialak ikusteko aukera dago.