Kamara aurrean, euskararen alde

Guaixe 2016ko ira. 2a, 11:40

Joan den urteko grabaketako une bat.

Aizpea, Irurtzungo euskaltzaleen topagunea, hasi da 365 egun euskaraz kanpaina prestatzen. Azken bi urteetan bezala, kanpainak osagai berezia izanen du Arakilen eta Irurtzunen. 2014ko lip-dub-aren eta 2015eko stop-motionaren ondoren, aurten kanpainarako bideoa eginen dute. Hamaika aldiz taldeak Julio Sotoren bertso bati doinua jarri dio eta kantu horri irudiak jarriko dizkiote orain.

365 egun euskaraz bideoaren grabazioak gaur eta bihar izanen du segida Irurtzunen. Xotakoak, gazte asanbladakoak saxoekin eta animatzaileak gaur, 15:30ean, kiroldegian dute hitzordua. Bihar beste hiru daude: 12:00etan Pikuxar euskal txokoan jaietako ator beltzak soinean dituztela Erga Larreak eta Fruitis dendakoak elkartuko dira; 16:30ean, igerilekuan, herrialde desberdinetako jantziekin, Iratxo elkarteko eta Pikuxarko kideak gurasoekin eta umeekin ariko dira kamera aurrean eta, azkenik, 19:00etan, Irurtzungo eta Arakilgo jende guztiari deia egin zaio igerilekuan antolatu den Holy festan parte hartzeko. Azken horretarako arropa zaharra eramatea eskatu dute.


Irurtzunen aurretik aurreko astean Arakilgo hiru herritan egin zituzten grabazioak Aizpeakoek. Hala, agorrilaren 24an, Egiarretan Etxeberri, Etxarren eta Ekaiko herritarrak cowboy mozorroekin elkartu ziren, baita Iskidiren pertsonaia mitologikoak ere. Hurrengo egunean, Izurdiaga bihurtu zen platoa. Urritzola, Errotz eta Aizkorbeko herritarrak, Iskidiko joaldunekin batera, hainbat lanbideetako jantziak zituzten soinean. Gainera, ogibideari zegozkion tresnekin musikaren erritmoan aritu ziren. Azkenik, agorrilaren 26an, Zuhatzun Satrustegi, Hiriberri eta Ihabarko herritarrak elkartu ziren, Orritz dantza taldearekin batera. Festarako jantziak soinean zituztela grabatu zituzten.