Aurten 80 urte bete dira estatu kolpea izan zenetik. Ondorengo errepresioaren ondoren erail eta Otsoportilloko lezera bota zituztenen hezurdurak identifikatzeko atera dituzte Aranzadi zientzia elkartekoek aurten. Urteurren borobilak eta exhumazioak, beraz, aurtengo Otsoportilloko ekitaldia berezi bihurtu dute. Faxismoaren kontra eta oroimenaren alde eginen den ekitaldia, horregatik, berezia izanen da, oroimena, salaketa, aldarrikapena eta arte eszenikoak ardatz dituenak. Alde batetik, omenaldia izanen da eta, bestetik, kontzertu berezia.
Hitzarmena
Iraileko lehen igandeko omenaldia Etxarri Aranazko Udalak eta eraildakoen senideek antolatzen dute urtero 1980tik. Aurtengoa Etxarri Gogoan lan taldeak eta Etxarri Aranazko Udalak antolatu dute. Baina beste bederatzi udalen laguntza izanen dute. Izan ere, etorkizuneko ekitaldiak hamarren artean elkarlanean eginen dira. Hori zehazteko udalak hitzarmena lantzen ari dira, baina dagoeneko igandeko ekitaldiaren aurkezpenean elkarrekin agertu ziren: Arruazu (Ainara Martin, zinegotzia), Lakuntza (Xabier Arraiz, zinegotzia), Arbizu (Karmele Marañon, alkatea), Etxarri Aranatz (Eneka Maiz, alkatea), Bakaiku (Aner Galartza, zinegotzia), Iturmendi (ez zen ordezkaririk izan), Urdiain (Oihana Gallo, zinegotzia), Altsasu (Javier Ollo, alkatea), Olatzagutia (Mikel Azkargorta, alkatea) eta Ziordia (Olatz Irizar, zinegotzia).
Haien guztien izenean Maizek hartu zuen hitza eta lehenik aitortu zuenez, “historia-memoriaren arloan oraindik egiteko asko eta asko dago.” Urteurrena eta exhumazioa kontuan izanik “momentu aproposa zen ekitaldiaren antolaketari buruzko hausnarketa egiteko”. Horregatik memoria lantzen ari diren ibarreko hainbat talderekin, udalekin eta eraildakoen senideekin hainbat bilera egin zituzten. Maizek bileren ondorio azaldu du: “ekitaldiaren antolaketa eta egitura irekitzea erabaki zen.”
Gaur egun hamar udalak hitzarmen zirriborroa prestatzen ari dira, Otsoportilloko ekitaldia urtero denen artean antolatzeko. Agirian jasoak geratuko dira udalak hartuko dituzten hainbat konpromiso, besteak beste elkarrekin eginen dutela: baimenak eskatu, ekitaldia diseinatu, komunikazio eta zabalkunde lanak, alderdi teknikoak lotu, trafikoa antolatu eta beste; horiek gauzatzeko udal bakoitzak ordezkari bana izendatuko du; udalek ekitaldia antolatzeko beharrezko baliabide tekniko guztiak antolatzaileen esku utziko dituzte (mahaiak, hesiak, agertokia, soinu ekipoa…); ekitaldia antolatzeko aurrekontuetan diru-saila sortuko dute eta, azkenik, hitzarmena onartu ondoren udal bilkuran onartzea. Nahi duten senide eta memoria taldeekin elkarlanean ariko direla ere aurreikusi dute.
“Urrats kualitatibotzat hartzen dugu elkarlan hau. 80 urte pasatuta ekitaldiak babes orokorra jasoko duelako”. Otsoportillo “toki sinbolikoa eta enblematikoa” delako eginen da han, nahiz eta udal arduradunak jakitun izan bai Sakanako bai ibarretik kanpoko beste toki batzuetan sakandarrak hil zituztela 1936an.
Egitaraua
Omenaldia 12:00etan hasiko da. Etxarri Aranazko Bertso Eskolak, azken 30 urteotan egin duen moduan, agurreko bertsoak kantatuko ditu. Segituan Castillo Suarezek propio sortutako poesia irakurriko du. Gogoratu beharra dago olerkari altsasuarrak historia-memoriaren inguruan olerkia duela Sartagudako memoria parkean. Aurrekoak jardunean dauden bitartean Iker Uribe mural-egile lakuntzarrak horma-irudia margotuko du. Azkenik, Etorkizuna dantza taldeko dantzariak ariko dira.
Omenaldi horren ondoren auzatea izanen da eta 12:30ean oroimen kontzertua izanen da. Lehenik Luisillo Kintana eta Lur Larraza musikari etxarriarrek kantu bat eskainiko dute. Ondoren Joni eta Imanol Ubeda anaiak (Bide Ertzean taldekoak) Amaia Razkin biolin jole etxarriarrarekin bi kantu eskainiko dituzte. Aipatu beharra dago hirurek Urbasan 1936an eraildako senideak dituztela. Oroimen kontzertua despeditzeko El Drogas eta La (Des)memoria Band-ek kontzertua eskainiko dute.
Sakanako memoria toki batzuk
Lizarrusti, Etxarri Aranatzen Utzubar eta Aritzalko, Altsasun Sorozarreta eta N-1 zaharra Ulaiarren, Urbasan Otsoportillo, Zelai, Basauntziturri, Ordotz eta Ubaba.
Ohar garrantzitsua
Igandean jende asko espero da Otsoportillon. Antolatzaileek garaiz joatea eta ahalik eta auto gutxien eramatea gomendatu dute.